Uhinetatik tiraka

Normaltasun anormala

Xabier Lasa.
2011ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Errealitate poliedrikoa.Errealitate objetibo baten aurrean, makina bat bertsio edo interpretazio jaso ditzakegula, nork bere pertzepzio, aurre juzgu, ideologia…pertsonalak erantsi eta gero. Konstatazio bat da hedabideek erakusten diguten hori. Gauza sanoa den ala ez, beste eztabaida da, tarte zabalago bat eskatzen duena. Esaterako, bi iritzi emailek, Donostiako kaleetan ikusi zutena kontatu ziguten herenegun, greba hizpide hartuta. Mariano Ferrerrek, REn, Donostiako kaleetan ibili zela adierazi zigun, eta berarentzat komertzioetatik gehiengo batek egin zuela bat grebarekin; ateak ireki zituztenek ere horretarako askatasuna izan omen zuten. Nerea Azurmendik, EIn, bestelako kontakizuna egin zigun, Donostiako kaleetatik; berak ikusitakoak ez omen zuen batere zerikusirik Etxaide buruzagi sindikalak instant bat lehenago egindako balorazio baikorrarekin.

Normaltasuna. Nahiko ohar surrealista igorri zuen herenegun REko zuzendaritzak, etxeko kontuak aipatuz. Langileen gehiengo zabalak normaltasun osoz egin zuela lan, azpimarratu zigun lehenbiziko. Ondoren, plantilaren %12 osatzen duten emankizunetako teknikoek deialdiarekin bat egin izanari egotzi zion ohiko programazioa eskaini ezin izana. EIn ez ezik REn ere musika besterik ez zen emititu ostegunean, albistegi laburrak kenduta; hortaz, nola uztar liteke lana «normaltasun osoz» egitea eta ohiko irratsaiorik ez eskaintzea?

Presentzia. PSE eta PPko politikoek ETBko Teleberri 2 albistegiaren denboraren %75 jan omen zuten 2009an, Deia egunkariak azaldu digunaren arabera. Gaineratu zaigunez, alderdi sozialistako bost kide agertzen dira agerpenen rankinaren lehen postuetan. Bada, RE ere aztertuko balitz emaitzak antzekoak aterako lirateke, edo okerragoak. Boulevard-eko elkarrizketa luzerako tartea har dezakegu, lagin gisa. Bi urtetik honaino gonbidatuen zerrenda egingo bagenu, auzo lotsa sortzeko modukoak irtengo litzaizkiguke; eskandaluzkoak, zerbitzu publikoa eta informaziorekiko tratamendu proportzionala bateragarri direla pentsatzen duen edonorentzat. Hara aste honetan eskaini zaiguna: Guillermo Etxenike (Eusko Jaurlaritza) asteartean, Leire Pajin (Madrilgo Gobernua) eta Ainhoa Etxaide (LAB) asteazkenean, eta, Jesus Caldera (PSOE) ostiralean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.