Lucien Etxezaharreta.
Maratila

Ondareak

2012ko abenduaren 8a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Egunak, beti bezala, itzal argiekin ditugu. Frantzian UMPkoak hi bahaiz eta ni banauka ari zirelarik Palestina estatu nortasunarekin onarturik gertatu zen, eta lehen elurrak euskal mendietara etorri. Bretainian ez zuten horrelakorik, euri zaparradek ohizko negu grisa iragartzen zutelarik, beren gau festa, fest noz delakoa, nazioarteko kultur ondare gisa onartu zuen Unesco erakundeak. Horrek ez du mundua aldatuko ziur aski, baina nortasun zerbaiten onarpenaren bidearen hasieran gaudela baikorki bizi garenok azpimarra genezake. Ari nintzen ea gure akelarre horiek horrelakorik mereziko zuketen. Iraganarekin adosten gara errazago Euskal Herrian. Gainera, adituak ez ditugu eskas, azaltzeko hor kontzentratzen genituela gure gaupasak, gure dantzak, maitasunezkoak, eleganteak eta ilargiak lagundurik, sentsualenak, hori dena halako happening performance distirantarekin. Bestela hi bahaiz eta ni banauka aritzekotan prest ginatekeela: ikusten ahal dugu, irudimen gehiegizkorik gabe, nola batek jota nafartarra, besteak ezpata dantza bizkaitarra, Luzaidekoek beren dantzak, ahantzi gabe zuberotarrak beren maskaradarekin, pataskan ariko liratekeen, kultur ondare hoberena ezagutarazi nahiz. Hola baikara euskaldunak, barrutik tribalismo edo leinukeria basatienean, kanpotik ikusita, gure ametsekin, nazio tente gisa agertuz, baina soilik hemendik urruti garelarik.

Zorionez gogoetak laguntzen baitu, gaueko loarekin batez ere, halako argi batek dena zuzen jarri zidan: bistan da Durangoko Azoka Nazioarteko Kultur Ondare lerroan sartu behar dugula! Ea eskaera horretarako bederen denok bat egiten dugun... 48.a arte urte osoa badugu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.