Uhinetatik tiraka

Osagai egokien beharra

Xabier Lasa.
2011ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Aukera galdua. Beste aukera bat galdu dute EITBko irrati-albistegietako langileek euren independentzia erakusteko. Gertaerek beste atakarik ez zietela utzi, ikuspegi anitzeko kazetaritza duinki egin nahia… Tira, zilegizko zurigarri mordoa erabil zezaketen Udabiltzako kideren bat elkarrizketatzeko, zazpi urtean egin ez dutena egin zezaten... Mezularia saioa salbuetsi beharko da beste behin, Jaime Otamendi Maribi Ugartebururekin hitz egitera ausartu baitzen (bide batez, EITBren webgunean elkarrizketa horri omen dagokion audioan soilik epaia laburtzen digun kazetari baten ahotsa adi daiteke; 50 segundo irauten du, eta hori gazteleraz!).

Noizko?Deigarria izan zen Mariano Ferrerrek REn ostiraleko Boulevard-en eginiko hizketaldia. Joseba Arregi izan zuen hizpide: Bermudez epaileak Arregi aspalditxotik aldarrikatzen ari zaigun silogismoa hankaz gora ipintzen duela esan zuen, itzulinguruko ibili gabe. Honako silogismoa, alegia: ETAk helburu batzuk ditu, bortxaz lortu nahi ditu horiek, eta, beraz, helburu horiek inolaz ere ezin ditu onartu demokraziak. Seguru nago entzule anitz penatu ginela Arregi tertulia horretan ez izateagatik. Ferrer eta Arregiri sekula ez zaie parada eman norgehiagoka dialektikorik izan dezaten, nahiz eta Boulevard-eko iritzi-emaile historikoak izan.

Konbinazioa giltzarri.EITBko irratietan eztabaida sutsurik ezin dela entzun esan dio lagun batek, Joxe Joan Ugalde Faktoria-ko esatariak aitortu zigunez. Astelehenean, adibidez, Jose Ignacio Lacasta, Joxe Felix Azurmendi eta Mikel Huizik osatutako hirukoa jarri zuten Boulevard-eko tertulian. Alde batera utzita analista gisa nork bere aldetik duen trebezia, aise aurreikus daiteke ika-mika eztandagarririk ezin dezakeela sortu konbinazio horrek. Osagaiez gain, tertulia bera planteatzeko moduek ere izan ohi dute zer ikusirik emaitzekin. Astelehenean bertan, Euskal Herria ezkerretik hitzarmena jarri zen mintzagai mahai gainean, Faktoria-k alderdien ordezkariekin egin ohi duen solasaldian. Eztabaida hasi aurretik, hitzarmenari buruzko Rubalcaba eta Urkulluren bezperako adierazpenak jarri zituzten. Kontua da mahai-ingurua hitzar- mena sinatu ez zuten gainerako alderdiek osatu zutela. Solasaldia bera jaiotzez biziatuta aurkeztu zitzaigula, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.