Ikusten dut zutabe hauek ez dutela ezertarako balio. Apirilean ohartarazi bagenuen Patricia Gaztañagaren lehorreratze berriaz, ohartarazi bagenuen aurkezten hasi zen Ongi Etorri saioaren laidoaz, euskal telebista publikoak ez du geroztik ezer egin lotsagarrikeria hori konpontzeko. Ez da soilik geroztik ez duela ezer egin, bere postuan berretsi ere berretsi baitu aurkezlea. Eta, tira, niri kasurik ez egitea normala iruditzen zait. Baina ea zer gertatzen den euskal populua matxinatzen zaienean.
Hori gertatzen ari den zantzuak nabari daitezke dagoeneko. Berripaper honexek, luze gabe, bi letter jaso ditu oso denbora gutxian. Eta nik kariño berezia diet egunkarietara gutunak bidaltzen dituzten horiei. Kariño berezia diet, batez ere, Luistxo Fernandezen Tetris irakurri nuenetik. Horregatik arretaz irakurri ditut herritar zintzo suminduen kexu aieneak: «Milaka biztanleri oinarrizko eskubideak kentzen zaizkien bitartean, egoera guztiz umiliagarri eta dohakabean bizitzera behartzen dituzten bitartean, horrelako programa batek erakusten duen bakarra etika falta absolutua da», zioen batek. «Pobrezia handitzen duten politikak nagusitzen ari direla, halako saio bat iraingarria izateaz gain, zentzugabekeria ere badela iruditzen zait», kexu zen bestea. Biak zetozen bat Ongi Etorri programa kentzeko ETBri egindako eskaeran.
Udan Sara Gandara saioa aurkezten jarri zutenean pentsatu genuen, agian, suerte pixka batekin, ez genuela gehiago Gaztañagarik izango, ez genituela bere aurpegia ikustean programa harengatik kobratu behar omen zituen milaka euroak gogoratu beharko. Baina, bai zera. Ongi Etorri oraindik ere Ongi etorri da. Nahiz orain saiatzen diren saio tematikoak egiten: Casas con historia, Casas con vistas, Casas singulares. Hala iraina ezkutatuko balute bezala. Itxaroten nago oraindik noiz emango dituzten Casas con hipoteca, Casas con goteras eta abarrekoak. Adibide bat: apirilean esan nuen gure etxea ez luketela sekula erakutsiko. Baina, gutxigatik: txalet bat, piszinarekin, 4.000 metro koadroko terrenoa, Hondarribian, golf zelaiaren ondoan. Gure bizilagunak ia. Eta zen, gainera, casa de verano. Izorrai! Eskerrak, gero etxea barrutik ez zen hain polita.
Eta ea bi letter horiek izango diren gaztañagismoaren porrota ekarriko duten suaren piztailea.

Komunikazioa. Ekografiak
Oso denbora gutxian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu