Aldarte elebiduna. EITBko erdal komunikabideetan euskara normaltasunez aditzeko aldarrikapenaren historian, mugarritzat jo beharko da asteazkenean Galder Perez esaleak (Graffiti, 17:00-19:00) eta Alberto Irazuk eduki zuten 20 minutuko elkarrizketa elebiduna, rocka eta bertsolaritza hizpide. Antzeko bizpahiru kontzesio izan dira azkenaldian REn, Dani Alvarezen eskutik biak: 2016ko abenduan, Mikel Irizarrek zazpi minutuko hitz-jarioa (galderak euskaraz, erantzunak gaztelaniaz), eta, 2017ko apirilean, Amets Arzallusek, seikoa. Une konplizeak izan dira gehiago, baina oihartzun apalagokoak.
Hankak lurrean. Sinbologia handikotzat, arau haustailekotzat... jo genitzake salbuespenezko une horiek, salbuespenezko egoeratan eginak (Euskararen Eguna, ETAren armagabetzea...). Ezin ukatu aurrera ez goazela, konparatuz gero tarteka eskaintzen dizkiguten bizpahiru esaldiz osatutako adierazpen labur eta axalekoekin (azkenekoa, atzo, haur danbor-jotzaileekin). Baina perspektiba historiko batetik aztertuz gero, hainbesteko lorpena ote? Ahaztu egin ote zaigu euskara normaltze bidean ia berrogei urte igaro direla hizkuntza politika aplikatzen hasi zenetik, ia berrogei EITB sortu zenetik? Zinez, oso-oso gutxirekin konformatzera ohitu gara, gaituzte.
Simetria linguistikoa. Kontzeptu horrekin bat zetozen Mikel Irizar eta Dani Alvarez 2016ko elkarrizketa sui generis hartan. Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza politikako buru izan da orain gutxi arte bat, REk daukan ahots erreferentzialena da bestea. Nork nahi duen hizkuntzan nonahi eta noiznahi, agertoki ideala hori dela zioten biek. Erabat ados. Baina jai dugu euskararen presentzia eta eskubidea utziz gero REko, Radio Vitoriako eta ETB2ko kazetarien borondatearen esku; abaniko zabala baitago jarrerei dagokienez etxe horietan, euskaltzaletasunetik hasi eta indiferentziara bitarte. Eta, kazetari horien gaineko arduradun organikoen eta politikoen zain geratzen bagara, igual beste berrogei urte igaro genitzake horretan. Akaso, egungo egoerari planto egingo dion pertsona publikoen mugimendu zibiko batean jarri beharko da itxaropena; komunikabide horiek irratsaio eta programak ekoizteko premiazkoak dituzten kulturgile, kirolari eta abarrez osatua. «Euskaraz hitz egin nahi dut», irmoki adierazteko pronto egongo dena.

UHINETATIK TIRAKA
Pixka bat es poco
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu