Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Progresisten Arkadia

2015eko apirilaren 19a
00:00
Entzun
ErrepikatzekoaOhiz kanpoko formula ekarri zigun Xabier Garciak Ganbara-ra ostegunean, «aldaketarik bai ote?» galderari erantzun nahian. Pittin bat hobetu liteke, hori bai: sobera egon daiteke, esaterako, ohiko kazetari iritzi-emaileen makulua. Gakoa, noski, profil egokiko solaskideak hautatzean datza. Entzuleen aurrean mantra baten antzera hitz egitera ohitua dauden horiek hizketa monopoliza baitezakete.

Espainiako ArkadiaJavier del Pinok (A vivir que son dos días, asteburuetan, 08:00-12:00) ekarri digu azken boladan haize freskoa Espainiako irrati jeneralistara, entretenimenduaren eta diskurtso aurrerakoiaren uztarketa egokia. Nolanahi ere, eskuinaren atzaparretatik urruntzen diren bakan horiei gertatzen zaiena bere burua progresistatzat eta Espainiako kultura anitzekin sentiberatzat daukaten horiei gertatzen ari zaie: Euskal Herria agendatik desagertu zaiela. Badira salbuespenak, noski: sukaldariak, edota, euskal herritarren topikoen bizkar egindako filmak. Errekurtso errazak, euskaldunaren irudi sinpatikoa zabaltzeko, eta, azken batean, mezu zaharberritua transmititzeko: Espainiako komunitate autonomoek, nork bere ezaugarriak ditugu (gastronomia, umorea, hizkuntza, ohiturak…), eta denen artean Arkadia zoriontsua osa dezakegu. Lastima, eskuineko politikari usteldu horiengatik ez balitz…

Hanka geldianDel Pinok itxaropena eragin zigun, bere irratsaioa hasi berritan, torturaren gaia jorratu zuenean; ez Guantanamokoa, Euskal Herrikoa baizik. Baina geroztik, horraino heldu naiteke esan izan balu bezala geratu zaigu hanka geldian. Aurreko larunbatean, esaterako, aukera polita zeukan keinu bat egiteko, Cristina Pardok 08:30ean osatzen duen Kontzeptu politikoen hiztegia izeneko tartean. Besteen hizkuntzak zabar ahoskatu dituzten pertsona publikoekin (Aznar, Botella, Barbera…) antologia irrigarria osatu zuen. Jakinda Ser katean zeinen trebeak diren fonoteka erabiltzen, nahi izatera, erraz bila zitzakeen borboiarrek euskarari egin dizkioten ostikada errealak. Horienik ez zen usaindu, ordea. Dena esatera, euskara oraindik uzbekera bezainarrotz ikustea monarkia berriro ukiezin bihurtu izanarekin nahastu zen (ematen baitu alderdiak eta komunikabideak kate motzera lotu dituen ezkutuko hitzarmena egon dela goi esferetan).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.