Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

'Que viva España'

2016ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Munduari begira. Carlos Herrerari agudo antzematen zaio nor duen gogoko eta nor ez. Disimulu handirik gabe aritzen baita; gardenki aritu ere, Espainiako kazetaritzako beste hainbat ideologia kide ez bezala, eta eskertzekoa da detaile hori. Nazionalistak munduari bizkar emanda eta zilborrari begira daudela beti, eta bidaiatuko balute sendatuko liratekeela dioten horietakoa da. Nazionalismo periferikoak indio on eta gaiztoen artean banatzen dituena. Baina, gero, bere albistegiak inoiz ez dira munduari begira irekitzen, bere gertuko fobia eta obsesio pertsonaletara baizik; III. Mundu Gerra pizteak ere nekez aldaraziko lioke gidoia. Astearte goizean, Bayern talde irabazlearen ospakizuna zen albiste, nonbait. Goiz hartan bakean utzi zituen Ada Colau, Manuela Carmena eta Jose Maria Gonzalez Kichi alkateak —horiek goizero larrutzea kirol bihurtu du azken boladan, mila formatara nola iraindu erakusteko eskuliburu bat idazteko moduan—. Que viva España abestu zuten Bayerneko zaleek, eta Guardiola entrenatzailea emozioari ezin eutsirik jarri zutela zioen Herrerak, ironia zinikoa erabiliz. Egiazki, bideo batek erakusten digu lau jokalari (tartean Javi Martinez eta Xabi Alonso euskaldunak) aurreko lerroan jarri zirela pozez txoratzen, doinuaren erritmora; eta, bien bitartean, entrenatzailea nola-halako plantarekin. Jokalariek subdito espainiar zintzoen moduan jokatu zuten, «normaltasun demokratikoaz»; ez horrela katalanak.

Zapla! Oriol Junqueras gonbidatu zuen biharamunean Herrerak; ez zuen Urkullu bezala «Kaixo, lagun maitea» esanez hartu, eta bere gogoz bestera irten zitzaion saiakera. Ez zitzaiola betiko eran atera, alegia: mikrofonoaren jabe delako ahalguztiduna sentitzen den kazetariak eta hura ez mintzeko hitzak neurtzen dituen elkarrizketatu kikilduak interpretatzen dutena. Di-da, bi belarrondoko dialektiko bidali baitzizkion katalanak: «Kontziente izango zara zure galderak benetako iritzien mitinak direla...», «Nahi baduzu, aldatuko ditugu paperak. Ni prest zure programa zuzentzeko. Tarteka gonbidatuko zintuzket».

Alferrik. Zertarako dira estatuko kazetarien elkarteak, ez badira kapaz oinarrizko printzipio etikoa gomendatzeko bere bazkideei: irrati albisteen tartean, albisteak eman; ez itzazu hartu lehen hamar minutuak zure iritzia jaurtitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.