Zentzuzkoa, anormal. Patria (s). Catalunya: Manual de instrucciones dokumentala eman zuten ETB2n asteazkenean, Queco Novell Polonia saio satirikoko aktore nagusiaren eskutik. Goiz batean, Novell, Katalunian gehien entzuten den RAC1 irrati pribatura joan, eta Jordi Bastek gidatzen duen El Mon magazinarekin egin du topo; han, tertulian, bi independentziaren aldekoak eta hiru kontrakoak ari dira jo eta su. Gauzarik normalena behar lukeena izan, alegia, Kataluniaren erdi bat zein bestea ordezka dezaketen ahotsak parez pare baldintza bertsuetan biltzea, anormaltasun bilakatu zaigu egungo Espainia txit demokratikoan.
Alderatzen hasita... SER katea nagusi da Katalunian ez beste edonon, irrati pribatuen audientziari dagokionez, nahiz Angeles Barcelo eta Carles Francino hango bi esatari izar eduki amu gisa. Zaila dauka bere burua iritzi aniztasunaren aldekotzat azaltzeko Kataluniako gizartearen aurrean, horrek RAC1 daukanean alderaketak egiteko. Gobernuko bost kideak atxilotu ondorengo sekuentziak SER zertan bilakatu den erakutsi zigun, enegarren aldiz. Irratian ustez moderatuena den Francinok jende ugari gonbidatu zuen iritzia emateko: Mariola Urrea unibertsitarioa, Pablo Simon politologoa, Montse Dominguez, Milagros Perez Oliva, Lucia Mendez, Josep Cuni, Xavier Vidal-Foch, Enric Hernandez eta Jordi Juan kazetariak, eta Ines Arrimadas eta Xabier Albiol politikariak. Eta horiekin batera, Isaias Lafuente, Ana Terradillos, Javier Alvarez eta Migel Angel Campos irratiko lankideak. Den-den-denak unionista deklaratuak.
Zer entzun, hura zara. Julia Oterok Elisa Beni, Juan Adriansen eta Fernando Iawasakirekin Onda Ceron osatzen duen kabinete sentimentalean, galdera interesgarria formulatu zuen ostiralean: «Kataluniakoak nola eragiten digu emozioen arloan?». Solaskideen berriketa ez, entzuleek whatsappez azaldu zuten kasuistika izan zen entzungarria. Akaso, independentziaren ideiarekin mutur banatan dauden Kataluniako bikotekidearenak eragin zuen arreta apartekoa: nork bere transistorea du etxean, eta harekin informatzen da goizetik gauera. Kataluniako RAC1 entzuten du batek, Onda Cero besteak. Ba zer esango dizuet, printzipioz, arrazoietan jantziagoa behar luke egon lehenak bigarrenak baino, etxean sesioa piztu aldiro.

UHINETATIK TIRAKA
RAC1 irratia ispiluan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu