Tertuliakideen arriskuak. Gai batean adituak direnak gonbidatu eta ohiko solaskideekin batera mahai inguru berezia antolatzea planteamendu erakargarria da printzipioz. Baina baditu bere arriskuak, asteazkenean Ganbara saioan frogatu zen moduan, 80ko hamarkadako heroina eta euskal gaztedia hizpide zituen hartan. Azken batean, zuk gai baten gainean jakin dezakezu izugarri, baina derrigortuta zaude tertulia politiko baten ezaugarrietara makurtzera. Tertuliarismoan zakur zahar direnekin jokatzera nahitaez, eta euren zelaian. Askorik jakin gabeko uneetan ere airoso ateratzeko baliabide dialektiko anitzez hornituak diren horiekin. Mikro baten aurrean lotsagabekerian zaildutakoekin, noiznahi hitza hartzeko eta ondokoari hitza kentzeko.
Porrotaren kronika. Bada, asteazkenean, hiru gonbidatuek nork bere tesia ekarri zuen eztabaidarako. Baina Joxe Ramon Beloki eta Aitor Guenaga tertuliakideek haietako bat konspiranoikotzat jo eta hura lurperatzera bideratu zituzten ahaleginak; abilidade osoz jakin zuten eztabaida nahi zuten tokitik bideratzen. Lehenak, ezker abertzaleko lider bat izan omen zen batek aspaldian idatzi zuen prentsa artikulu bat erabili zuen berea defendatzeko denbora guztian. Bigarren solaskidearen jokaldia izan zen begi-bistakoena, nolanahi ere. Hasieratik aitortu arren gaiaz askorik ez zekiela eta entzuteko zegoela, hor tematu zen kazetari batek ETA kokainaren trafikoarekin lotu izan zuen ideiarekin. Paradoxikoki, onartu zuen Rubalcaba barne ministro ohiak —bere ideologiatik gertu dabilen politikariak— ez ziola sinesgarritasunik eman susmo hari bere garaian. Alegia, haizagailu kaka-nahaslea martxan jartzearen ariketa, izkin egiteko gaiaren mamiari. Kontuak kontu, azkenean, biek ala biek ederki sabotatu zuten gai tabu bat esku artean hartuta Xabier Garcia Ramsdenek ausardiaz planteatu zuen saiakera, nahiz eta luxuzko hiru osagai eraman sukaldera.
Euskaraz ukatuta. Garcia Ramsdenek ostiralean orrialde honetantxe zioen bezala, eguna amaitzeko modua da askorentzat irratian entzutea aktualitatearen analisia sukaldean, ohean, autoan, gaiko lanean... Plazer galant hori jartzen digu eskura EITBk, bai, baina soilik gaztelaniaz. Aspaldiko urteetan iruditu zaio konbinazio okerra osatzen dutela euskarak, euskal entzuleok, iritzien saioak eta gauak.

UHINETATIK TIRAKA
Sabotaje dialektikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu