Saio kroaziarra da. Hitz egitea —komunikatzea, bere hitzetan— du gogoko. Ia egunero elkartu eta edozein gai izaten dugu hizpide, ardoa ere bai tarteka-marteka. Saiorentzat munduko ardorik gozoenak, ederrenak, Errioxakoak dira. Aste honetako artikulua zeri buruz idatziko ote nuen erabakitzen ari nintzela, Saio eta Kroazia etorri zaizkit burura, eta hor doa...
Egia esan, ez dut behin ere Kroaziako ardorik dastatu, eta ezagutu ere ia batere ez dut ezagutzen, baina aitzakia ona da zerbait ikasteko, apalak izan eta ikusmira hedatzeko.
Greko-erromatarren garaian hasi ziren, beste leku askotan antzera, mahatsa lantzen Kroazian, baina goraldia Erdi Aroan izan zuen; orduan esanahi erlijiosoagoa eman zitzaion ardoari, fededun guztiei ezagutzera emanez eta haiengan ohiturak sortuz. Geroago turkiarrek Kroazia konkistatu eta ardoa edatea debekatu zutenez, mahatsa landatzeaeta biltzea debekatu egin zuten.
Turkiarren agintaldia amaitu zenean berrekin zioten kroaziarrek mahastiak zaintzeari, eta 1986. urteaz geroztik jatorri izenen sistema piramidala dute Kroazian beren ardoak sailkatzeko. Hauexek dira, txikienetik handienera:
1. Mahai ardoak.
2. Jatorri gabeko mahai ardoak (stolno vino bez porijekla).
3. Toki jakin bateko mahai ardoak (stolno vino s kontroliranim porijeklom).
4. Kontrolatutako kalitatezko edo kalitate handiko ardoak (kvalitetno vino s kontroliranim porijeklom).
5. Goi mailako kalitatezko ardoak edo apartekoak.
Eta zeintzuk dira Kroaziako berta-bertako eta ez hain bertako mahatsak?
Zurietan: Trbljan, zlatan otok, grasevina (Italiako rieslinga), Istriako malvasia, moskatel zuria, kujundzusa, posip, debit, marastina, rukatac, vrbniska zlahtina, grk, vugava, sylvaner berdea, pinot grigio, pinot zuria, chardonnay, franconia, traminer, sauvignon, zweigelt, Renaniako rieslinga.
Beltzetan: Plavac mali, zlatan plavac, terrano, refosco, gamay, babic, plavina, frankovka, dobricic, crljenak kastelanski, cabernet sauvignon, merlot.
Bertako-bertakoak mahats horietako gehienak dira, baina kanpokoak ere gero eta gehiago hedatzen ari dira, bai Frantziako jatorria duten mahatsak eta bai ondoko Friuli edota Esloveniakoak.
Kroaziako ardo eremuak bitan banatzen dira: alde batetik, barnealdea, Danubioren lautada hartzen duena eta Zagrebeko mendietaraino iristen dena, eta, bestaldetik, kostaldea, Itsaso Adriatikoak dituen 500 kilometroetan zehar. Lau eskualdek osatzen dute hori:
• Istria eta iparraldeko kostaldea.
• Iparraldeko Dalmazia.
• Dalmazia kontinentala.
• Hegoaldeko Dalmazia, non uharte txikiak ere badauden.
Hurrengo batean jarraituko dut, gaur ez baitaukagu gehiagorako tokirik. Topa, Saio! Ziujo!
Elikadura. Ardoxka
Saio eta Kroaziako ardoa (I)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu