Elikadura. Ardoxka

Saio eta Kroaziako ardoa (II)

Roberto Sarriugarte
2011ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Kroaziako barnealdean ardo zuriak egiten dira batez ere, grasevina mahatsarekin batik bat. Batzuk, sinpleenak, azidotasun bortitza erakusten dute baina mendema berantiarrekoak aroma bikainak eta konplexuak ematen omen dituzte.

Kostaldeko eremuan, Istrian eta Dalmaziako kostaldean ematen dira baldintzarik egokienak ardo beltzak egiteko. Baina Istrian malvasia (malvazija) da mahatsik ugariena eta mahats honekin era tradizionalean egindako ardoak anbar kolorea eta izaera oxidatiboa izaten dute, nahiz eta teknika berriekin egindakoak freskoagoak eta lore usainekoak izaten diren. Istriak Friuli eta Esloveniarekin egiten du muga.

Eta malvasiaz gain Istrian Momianoko moskatel zuriak ere badu bere garrantzia eta beltzen artean teran, terrano eta azken bolada honetan cabernet sauvignon eta merlotearekin egindakoak dira garrantzitsuenak.

Kroaziako ardo beltzik onenak plavac mali mahatsez eginikoak dira. Mahats hau 200 eta 300 bitarteko altueran ematen da, beti ere itsasoari begira eta mahastian lan gogorra eta errendimendu oso baxuekin gainera. Postrerako ardoak ere egiten dira mahats honekin. Ospetsuenak Dingac eta Postup dira, biak ere Peljesac penintsulakoak eta baita Faros deiturikoa Hvar irlakoa. Probatu dituztenak ardo gogorrak, haragitsuak, oso egituratuak ia ia gehiegi heldutakoak eta alkohol ugarikoak, 15ºra iritsiz.

Babic mahtas ere interesgarria da beltzen artean Primosteneko terraza arrokatsuetara, Splitetik gertu, oso ondo egokitzen delarik. Dingacs da Kroazian onartutako lehen jatorri izena 1961ean. Dingaceko ardoak errubi kolorekoak izaten dira,Hungariako upeletan ontzen dira eta horrek egur ukitu berezia ematen dio ardoari; aroma fina, dotorea, sotila, leuna...

Eta Istrian eta kostaldean malvasia eta moskatela baziren nabarmentzekoak, ardo zuri onenakyugava, debit, posip, vrbnizka slahtina, marastina mahatsekin eginikoak dira.

Ardo oparo bat ere nabarmendu nahi nuke, bitxikeria bat delako, ontze biologikoarekin egiten delako dalmaziako Korcula irlan eta bere izen bitxia grk da. Grk mahatsa eta grk ardoa

Eta bada beste ardo bat aipatzeko. Oso ospetsua kroaziarren artean, ardo gozoa, mahats zuriekin zein beltzekin egiten dena eta prosek izena duena. Orain Saio konbentzitzen ahaleginak egin beharko ditut ardo batzuk ekar ditzan bere herritik edo, hobe agian, biok elkarrekin joan eta aukeraketa eder bat egiten badugu gero hemen azaldutakoa frogatzeko aukera izateko.

Zuek izango zarete, jakina, lehengoak horren berri izaten. Idemo!!! Txekis!!!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.