Agur, iruindar eta kanpotar. Agur, lokartu eta ernai, nekatu eta alai, zapidun eta gabe, langile eta langabe. Ni naiz, zu naiz, gu gara: Anonimoak. Beste kide bat erori zaigu bidean. Sanferminetako bigarren biktima izan da. Ezin izan dio presioari eutsi, eta sanferminen atzaparretan erori da. Anonimoa denez —edo zenez— gero, Y deituko dugu. Betiko galdu dugu. Agur eta ohore, Anonimo.
Atzo joan zitzaigun Y. Zezen plaza inguruan zebilen mozorro zuria jantzita, zapi beltza lepoan eta jantzi berdeak soinean. Ekintza baterako prest zen, eta halako batean zezen plazatik adarrik gabeko animaliak ateratzen hasi ziren —bazen adardunik ere—, ardoa zeriela. Mantal zuriak morez tindaturik zituzten, eskuoihal hezeekin ezin zituzten izerditan blaituriko buruak idortu, plazan hustutako sangria ontzien estalkiak txindata bihurtuak zituzten, eta ingurukoei eraso egiten zieten ur —edo bestelako isurkin— pistolen bidez.
Manifestazio erraldoi bat zirudien. Batailarako prest zen gudarostea, txarangaren doinuen erritmoari jarraiki alderik alde atera ziren plazatik. Esku batean basoa, bestean abanikoa. Eguzkitako betaurreko erraldoiak ere ez zituzten falta. Inguruan jendetza bildu zen ikuskizun tamalgarri horren lekuko izateko. Ez ziren aldentzen, ez zieten nazka aurpegirik jartzen. Ardo, sangria, gintonik, tomate eta izerdiz melatutako gorputzek haien aurka talka egitea ez zien inporta.
Bahiketa Hemingway pasealekuan
Halako batean, Y despistaturik zela probesturik, neska-mutil kuadrilla batek bahitu egin zuen. Besta eta zikinkeria uholdeak harrapatu zuen. Oihu eta malkoek ez zituen gazteak kikildu. Konturatzerako, Y-k txano erraldoi bat zuen buruan, baso bat eskuan, eta beso sendoak lepoa inguratzen. Segituan, klok, klok, bi izotz eta sangria zorrotada. Eskua Guy Fawke mozorroaren kokotsera eraman, altxatu, eta aurpegia erakutsi zuen Y-k. Hala ere, harrigarria iduri dezakeen arren, jendetza horren artean mozorrorik gabe joatea baino anonimoagorik ez zen.
Goizaldean aurkitu dugu Y. Bazter batean, botata, lehertzear ziren zakar poltsen gainean, ohatze balira bezala. Ileorde arrosa, plastikozko bibote gorri bat sudur azpian eta bere burua baino handiagoak ziren betaurreko urdinak jantzirik. Kolore askotako argi keinukari bat ageri zuen sakelan, bertatik atera nahiko balu bezala. Plastikozko hiru arrosa zituen inguruan, lastotxoak beste sakelan, eta hariz egindako bost eskumuturreko besoan behera.
Irudiak gogorrak ziren oso. Iruñeko besten aurka jo eta su borrokatu den Anonimo bat San Ferminen atzaparretan erorita, sanfermindua. Duintasuna galdu zuen eskuoihala eta basoa eskuan hartu zituenean. Kide bat galdu dugu, baina aurrera jotzeko gogoz gabiltza oraindik. Anonimoak gara, legioa gara. Ez dugu ahantziko, ez dugu barkatuko. Behera San Fermin!

Behera San Fermin
San Ferminen atzaparrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu