BERRIA-n bekadun sartu nintzen urtean, sanferminetako gehigarrirako elkarrizketak eta erreportajeak egitea izan zen eskatu zidaten lehen lana. «Zein da zure unetxorik gogokoena?», «nondik ibiltzen zara parrandan?», «kalimotxoa, garagardoa ala xanpaina?» eta halako galdera txepelak egiten genituen —bide batez esanda, langile finak dira aurtengo bekadunak, eta ni haien adinean nintzena baino hamar aldiz kazetari hobeak—. Elkarrizketatuek, berriz, hasperen egin eta pazientzia osoarekin erantzuten ziguten, errukiz beteriko irribarrea ezpainetan. Bera ez da akordatuko, baina elkarrizketatu horietako bat Zaldieroa izan zen. «Zer dago sobera sanferminetan?» galderari topikoekin erantzuten zioten gehienek; «ezer ez dago sobera» eta halakoak. Patxik ez. «Sanferminetatik santua kenduko nuke», esan zuen. To eta no. Sanferminak, San Ferminik gabe. Biba Zaldieroa.
Iltzatua gelditu zitzaidan erantzun hori, baina eskarmentu gabeko bekadun izanik, ez nuen gaian sakontzeko adina erreflexurik izan. Galdera sortaren hurrengo puntuarekin jarraitu eta kito. Ordutik, alta, urtero-urtero erreparatzen diot santuari sanferminetan. Prozesioan, haurren lore eskaintzan eta abar. Horietan guztietan ateratzen dute panpina paseatzera. Edo jatorrizko irudiaren erreplika. Panpinaren panpina. Eta jendeak txalo eta oihu egiten dio, «guapo!» esaten diote, negar malkotan agurtzen dute, pa eman... Herrialdeko egunkari eskuindarrek maitasun keinu horiek guztiak nabarmentzen eta goratzen dituzte,«baskoen» usadioen kontrapuntu balira bezala. Nafar zintzoek San Fermin maite dute. Beste guztiak separatistak dira.
Arazoa zera da, inork ezin duela ziurtatu San Fermin existitu zenik. Seguruenik, asmakeria bat da, froga historikorik ez baitago. Ez apezpiku, ez santu ezta beltzaran ere. Horregatik, edozein santu jar genezake idulkiaren gainean: San Fermin, Marijaia, Dortoka maisua edo Euskal Taliban Jatorra. Zehaztasun historikoa berbera litzateke. Prozesioa dibertigarriago eginen genuke.

Sanferminak Iruñean. Klasikoak gurean
San (gabeko) Fermin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu