Jagoba Salvador.
AIRETIK

Sariak

2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Zertarako balio dute sariek? Gizartearen begiradapean sariak arrakastaren sinonimo dira, sortzaile baten ibilbidearen gailur moduko bat. Eszenatoki handi eta disdiratsu batean galaz jantzita metal zati bat jaso eta hitz polit hunkigarri batzuk botatzea baino lorpen handiagorik ez omen dago. Horrelakoak jaso dituzten pertsonei galdetuz gero, ordea, kasu gehienetan haien jardunean beste munduko aldaketarik nabaritu ez dutela erantzungo lukete. Sortzaileek nahiago izaten dute publikoaren erantzuna eta babesa, akademia baten aipamena eta egunkarietako lerroburuak baino. Tamalez, sariak itxurakeriarekin oso lotuta daudela esango nuke. Hala ere, horiek jasotzea gustuko ez duenik aurkitzea ere ez litzateke lan erraza izango.

Pasa den astean eman ziren Ondas sariei buruzko aipamenak han eta hemen irakurtzeak eraman nau gogoeta hau berreskuratzera. Emakumeek sortu, ekoitzi eta gidatutako Estirando el Chicle eta Deforme Semanal saioek jaso dute podcast onenaren saria, eta garaipen hori feminismoaren lorpentzat hartu dute askok. Ez naiz ni ideia horren aurka agertuko, saio horiek gai sakonak eta ez hain sakonak ikuspuntu eta hizkera ezberdin batetik, estereotipo eta tabuak apurtuz, publiko masibora iristea eta aipamena jasotzea poztekoa baita. Emakume erreferenteak, begirada freskoak, diskurtso berriak eta moldeak apurtzen dituzten edukiak beharrezkoak dira gizartearen arlo guztietan. Baina, Espainiako hedabideen gehiengoa kontrolatzen duen konglomeratu boteretsu bat bere loraldian eta une gorenean dagoen mugimendu sozial baten bultzatzaile gisa azaltzeak ez du errealitatea islatzen.

Kapitalismoak betidanik egin izan du jokaldi hori; gizartea eraldatu nahi duten korronteak hazi eta hedatzen diren momentuan xurgatu eta bere onurarako erabiltzea. Ezin esan, ordea, sari horiei uko egin behar zaienik, zentzu batean gizartearen ispilu ere badirelako. Ikusgarritasuna, oihartzuna eta hedapena beti dira ontzat hartzekoak, eta haiek gu erabiltzen gaituzten moduan, guk haiek erabiltzen ikasi behar dugu, betiere lerroarteko irakurketa eginda. Izan ere, saio horiek autoekoizpenetik, prekaritatetik eta apustu bat egiteko gogotik jaio ziren, inolako babesik gabe. Egokiagoa iruditzen zait sariak eta laudorioak garaipentzat baino, estimulutzat hartzea, benetako eraldaketa egunerokoan baitago. Sariak bai, borroka ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.