Jagoba Salvador.
AIRETIK

Soinuaren ahalmena

2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Euskal Artxipelagoa. 2103. urtea. Urbasako kaia. Lurrak gainezka egin du eta kontinenteak urpean geratu dira. Berotze efektuaren ezusteko azelerazio batek eragindako olatu erraldoiek ezerezean utzi dute ezagutzen genuen mundua. Gertatu da, abisuak abisu, beti urrun sentitu genuen hondamendi natural globala. Teknologia, industria, komunikazio zein garraiobide oro bertan behera geratu da. Ezereza, noraeza, kaosa, beldurra, etsipena. Helburua, bizirik irautea.

IƱaki Beraetxeren ahots eta tonu sakonak egoera deskribatu ahala, errealitate paralelo (edo ez?) apokaliptiko bezain distopiko horretan guztiz barneratu naiz. Etorkizuna asmatzeko modurik eraginkorrena zuk zeuk berau sortzea omen da. Lelo hori hartzen du ardatz gisa irrati-fikzio berriak; Artxipielagoa-k.

Irudia eta, orokorrean, alde bisuala, ezinbestekoa omen zen XXI. mendeko komunikazioan. Tesia hankaz gora jartzen du proposamen berri eta ausart horrek. Audio formatuak bere horretan duen ahalmena eta eskaintzen dituen aukerak gutxietsi al ditugu? Artxipielagoa fikziozko podacastak agerian uzten du ahots eta soinuen bidez sor daitekeela telesail batek behar duen interesa eta zirrara.

Era berean, hainbat abantaila eskaintzen ditu fikzioa lantzeko modu horrek. Alde batetik, gidoi eta tramari dagokionez, muga asko apurtzen ditu. Nola gorpuztu bestela bertan deskribitzen den mundu mailako kolapso egoera? Istorioaren nondik norakoak sortzeko askatasuna eta aukerak nabarmen ugaritzen dira. Bestetik, ahotsek, musikak, soinuek, entzulearen irudimena sustatu eta areagotzen dute, eleberriek egiten duten antzera, nolabait. Gainera, bistan da proiektu horretan alde teknikoa alor oso zaindua dela. Grabaketan teknologia binaurala delakoa erabili dute, hau da, entzuleak hiru dimentsiotatik jasotzen du soinua. Gauzak horrela, hartzailea ekintza gertatzen den espazioan kokatzen da, soinuz inguratuta, entzunaldia esperientzia murgiltzaile bilakatuz.

Ikusteko dago esperimentu horrek, kontzeptua berria ez izan arren, jendartean izango duen harrera.

Emaitzak emaitza, apustu berritzaile horren kalitatea eta eraginkortasuna ukaezina dela iruditzen zait. Denborak esango du bide berri bat irekiko duen mugarri baten aurrean gauden ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.