Interpretazioak. Mirari Irureren kontakizun laburrari eman diote Maite dut irratia EIko lehiaketaren lehen saria. Hitz joko politak eginez, autoan irratiaren entzutearen ariketa eta AM eta FM sintoniak batu ditu. Minutu erdira iristen ez den kontakizunak nahi bezala interpretatzeko ematen du; hiru epaimahaikideek espazioa eta denboraren arteko lotura nabarmendu dute. Neurak bestelakoak dituen batek, akaso, baztertutako AMaren aldeko aldarria suma dezake kontakizunean; eta akaso ere, irrati bakarra aditzen ez duen auto gidari irizpide onekoa eta EIri traizio egiten diona. Izan ere, AM sintonian, egun, RN1 edo Ser katea besterik ez baititu harrapatuko, EIk eta REk eremu horretatik ihes egitea erabaki zutenetik.
Onartua. Pako Etxeberria forentseak hitz egin du torturen errealitate ezkutatuaz, eta gertukoeneko irrati publikoetan, ez zaio sakoneko objekziorik jarri, ezta zoru etikoaren eta giza eskubideen apostoluek: bagenekien, baina badakizu, gogor jotzen zuen terrorismoak, eta estali egiten zuen gainerako guztia; horretan ere egin digu kalte ETAren terrorismoak. Hots, abilezia dialektikoa muturreraino eramana; edozer, norberaren tesiak pitzadurarik ez dezan eduki inoiz.
Nork berea. Azken hamarkadetan gurean gertatu diren giza eskubideen urraketen inguruan, nork bere kontzientzia azterketa egin beharko dugu, eta egokitzen zaigun parteari eutsi. Torturen kasuan, euskal hedabideen arloan, badago nork egina mea culpa ozena; gizartearen ahotsak jasotzeko mandatu publikoa daukan EITBn zein hedabide pribatuetan. Euren jarrera akritikoarekin torturen inpunitatearekin —zeharka bada ere— kolaboratu dutenak, nonahi topa baitaitezke. Polizia txostenak errepikatu ostean, atxilotuaren salaketari ez entzuna egin izan dioten kazetariak; asko jota, «atxilotuak torturak salatu ditu» esalditxoa erantsi dutenak albistearen azken muturrean. Edota «salaketak ikertzen dira estatu demokratiko batean»bakarrik esan duten iritzi emaileak, pentsatuz keinu horrekin giza eskubideen zale bati dagokion espedientea betetzen zutela. Salaketaren xehetasunetan sartzea, testigantza pertsonalaren bat jasotzea…, hori entelekia hutsa izan da, tabua kasik, torturaren krudeltasun fisikoak kuarteletako hormak gainditu ahal izan duen kasuren batean kenduta.

Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Tortura salaketen sintonian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu