Telesailak

Utopia demokratikoaren arrakala

Islandiako 'Radherrann' telesailak fikzio politikoa irauli du, kode moralei buruz hausnartzen duten zortzi ataletan

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2021eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
«%90eko parte hartzea zenbatu ezean, ez dut gobernurik osatuko». Benedikten hauteskunde kanpainako hitzak dira, Islandiako lehen ministro izateko hautagai nagusia da fikziozko Radherrann telesailean. Istorioko protagonistak aparteko nortasuna du, eta ohiko konbentzioetatik oso urrun dago haren filosofia politikoa.

Parte hartzearen helburua ozta-ozta lortuta, apustua handituko du. Twitter bidez, lege proposamenak egin eta gobernu koalizioko hitzarmena idazteko aukera zabalduko die biztanle islandiar guztiei. Prozedura instituzionaletan aldaketa erradikal bat eragiten duten neurrien aldekoa da Benedikt, politikari gardena eta pertsona abegikorra. Denek maite dute, baina ez une oro.

Izan ere, aldarrikatzen duen idealismoa irrigarri bilakatzen da batzuetan, bere inguruko pertsonen pazientzia amaitzeraino. Esaterako, txorien bizileku historikoa den landa eremu batean, hotel bat eraikitzeko urte luzez landuriko planez jabetzean erabakiko du Gobernuaren eta enpresarien arteko itun bat ez sinatzea. Bi migratzaile ukrainar Islandiatik kanporatu behar dituztela ohartzean, berriz, legea aldatuko du egun batetik bestera, haien herritartasuna bermatzeko. Erabakiak berehala hartu ohi ditu telesaileko protagonistak, bidean alderdia hankaz gora jartzeko eta gobernukideak amorratzeko beldurrik gabe.

Hedabideekin harreman ezin hobea du Benedikt lehen ministroak, eta galeriarentzat beti dirudi pertsona perfektua. Baina, barrura begiratuz gero, ikusleak ohartuko dira pitzaduraz beteta dagoela. Pixkanaka, utopia demokratikoa arrakalatzen hasiko da, eta Benedikten mamu pertsonalek geroz eta pisu handiagoa hartuko dute kontakizunean.

Europa iparraldeko fikzio politikoari erreparatuz gero, Borgen danimarkarra da erreferentzia nagusia, eta Radherrann telesailak badu harekin antzekotasunik. Lehen atalak tematikoak dira, eta erakusten dute Benedikt lehen ministroak nola bideratzen dituen gobernu jardunari loturiko krisiak. Bigarren zatian, ordea, sortzaileek 180 graduko bira egin dute, eta psikologiaren ur sakonetan murgildu dira, ausardia formal handiagoko lan bat osatzeko.

Telebistaren munduan ia esperientziarik ez duten bi abokatuk eta kazetari batek sortu dute telesaila, eta, horri esker, fideltasun handiz eraman dituzte iruditara lotura estua duten errealitateko hiru unibertso: zuzenbidea, politika eta hedabideak.

Islandia Danimarkaren kolonia izan zen 1944ra arte, eta bertan dago munduan zutik dirauen parlamenturik zaharrena. 930. urtean eraiki zuten Althing izeneko eraikina, ostera herrialdeko hiriburu bilakatu zen Reykjaviketik 45 kilometro ekialdera. Orainaldira etorrita, 2008ko krisi ekonomikoan erantzule politiko nagusiak epaitu eta kondenatu zituen herrialde bakarra izan zen Islandia. Bistan da bestelakoa dela haien kultura politikoa.

Osagai horiek guztiak irabiatuta, koktel gozagarri bat da emaitza. Radherrann telesaila interesgarri izango da fikzio politikoaren zaleentzat, baina baita, oro har, gizarteko balioez eta afera filosofikoez hausnartzea gogoko dutenentzat ere.

'RADHERRANN'
Sortzaileak: Arnor Palmi Arnarson, Nanna Kristin Magnusdottir.
Aktoreak: Olafur Darri Olafsson, Anita Briem, Logi Hrafn Jonsson, Thor Kristjansson, Elva Osk Olafsdottir.
Herrialdea: Islandia.
Urtea: 2020.
Non ikusi: AMC.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.