Tira, goizeko lehen albistegia euskaraz da orain ETBn, orain gutxi arte gaztelaniaz zen ber gisan. Baina lehen, goizeko tarte horretan ez zegoen euskaraz beste albistegirik, eta, orain, hara, gaztelaniazko bat abiatu dute berehala. Izena du ETB.Hoy eta hiru orduren bueltan ibiliko da, RobinFood harrapatzeraino. Antzekotasunak ditu euskarazkoarekin, egiturazkoak: elkarrizketak eta mahai ingurua, besteren gainetik. Aurreikusi bezala, Vanessa Sanchez aurkezlea Egun on, Euskadi zaharra, gaztelaniazkoa, bukatu eta sartu dute ETB.Hoy berri horretan, nahiz gustura asko ikusiko nukeen neronek euskarazkoan. Elkarrizketa bat egiten du gai sozial-kulturalagoen inguruan, David Barberok lehen eta Begoña Zubietak orain goizean goiz Forum-en egiten dituen horien antzekoa. Adela Sanchezek gidatzen ditu mahaiaren bueltako eztabaida luzeak, akaso luzeegiak. Eta, beste antzekotasun bat aipatzearren, euskarazko Egun on, Euskadi-n albistegiak aurkezten dituen Olaia Urtiagak egiten ditu ETB.Hoy-n elkarrizketa politikoak, goizero euskaratik gaztelaniara salto eginda.
Baina antzekotasunak ez dira hor bukatzen. Joseba Egibar elkarrizketatu zuen Egun on, Euskadi batean Estepan Aldamitz-Etxeberriak. Handik ordu gutxira, Egibarren antz izugarria zuen tipo bat ikusi uste nuen ETB.Hoy-n, Olaia Urtiagaren galderak erantzuten. Gauza antzekoa gertatu zitzaidan Gorka Maneirorekin: euskarazkoa ikusi eta anaia bikia ez bazen, antz handia zion bat agertu zen gaztelaniazkoan. Eta Maneirorena uler dezaket, leku guztietan agertzea gustatzen baitzaio. Baina Martin Garitanorekin gauza bera pasatu zitzaidanean, erabaki nuen zerbait ez zebilela ondo. Euskarazko elkarrizketa gero berriz gaztelaniaz egiten dute, ordu gutxiren buruan? Egia da ez dela elkarrizketa bera, puntu eta koma guztiak errepikatuta, baina beharrik ba ote dago? Ez dakit lehen, elkarrizketa gaztelaniaz zenean, gero korteren bat hartzen zitzaion euskaraz albistegirako. Orain, dena errepikatu behar dute gaztelaniaz. Atzo bertan, LAB sindikatuko Ainhoa Etxaidek. Zer iruditzen zaizue, txikikeria? Ados, akaso txikikeria izango da. Baina antzekotasunak izan badiren arren, iruditzen zait desberditasunek egiten dutela bien arteko, Egun on, Euskadi eta ETB.Hoy-ren arteko, ETB1 eta ETB2ren arteko tartea amildegia.

Komunikazioa. Ekografiak
Zazpi antzekotasunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu