Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Zer den iraina, zer ez

2020ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Kritika, iraina. Asaldatuta dabiltza hamarkadetan monarkia ustela jatortasun gorenaren eredu gisa saldu diguten kazetariak, Madrilgo gortean. Asaldatuta ez morroiaren fidelkeriaz jokatu izanagatik autokritika egiten ari direlako, baizik eta Iglesias eta Echeniquek beren klub klasistako kide bati erasotu omen diotelako. Vicente Valles A3eko aurkezlea izan dute jomugan bi politikariek, esanez eskuinaren alde diharduen manipulatzailea dela, eta gehituz kazetariak ere kritikagarriak behar dutela izan. Bada, kanpaina polita antolatu dute, biei egotzita iraina naturalizatzea eta adierazpen askatasunari erasotzea. Aintzarako hautatuko jainkotiar sentitzen diren kazetari batzuk nabarmendu dira zeregin horretan; Eduardo Inda iraingintzan katedratikoa, egunero aupatzen duen La Sextako aurpegi ezagunenak tartean. Ser kateko ahots goratuenek ere bat egin dute horiekin; irrati etxe horretan irainen neurgailua aspaldi behar du egon matxuratua, bestela ez da ulertzen goizero irainen hiztegia ondoan duela mintzatzen den Carlos Herrera COPEko esatariari nola eman izan dioten Ondas saria sei alditan, iaz azkenekoz, profesional ezin bikainagoa izendatu ostean.

Vizcaino ezinegonean. Onda Vascan ahots estandartea den Javier Vizcaino bilakatu da protagonista antzeko kontuekin orain aurretik; maila apalagoan eta sare sozialetan, hori bai. Albistegietan eta tertulietan zuhur samar azaltzen du bere pentsaera, gero iritzi zutabean eta Twitterren husten ditu barruak; zilegitasun osoz hustu ere, luma bizi eta zaztakorra erabiliz. Erreparo gutxi dauka kalifikatibo gordinez astintzeko aurkari ideologikotzat dituenak, eta egunotan antzeko tonuaz erantzun diote Twitterren —batzuek, izen-abizenez; besteek, anonimatuan ezkutatuz—. Halakoak normalean kirol legez onartzen baditu ere, ezinegona adierazi du oraingoan elkartasuna eskatuz. Batek printzipio xume bat gogorarazi dio: Twitter ez da frontoi jokoa, tenisa baizik; zuk tiro egiten baduzu, erantzun egiten dizute. Inork ez erantzutea nahi baduzu, eratu telegrameko kanala.

Jarri lanean. Korporatibismo klasistak eta kazetari ukiezinaren idealizazioak saihestu, eta kazetarien elkarteak behingoz defini dezatela, semantikan, etikan eta bestetan aditu direnen laguntzaz,ea zer den kritika egitea, zer iraintzea, zer erasotzea…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.