Honekin ez pentsatu, mesedez, sentimendu gabeko tipo bat naizenik, makurra, izotza baino hotzagoa. Batak ez du bestea kentzen, nik ere badut bihozñoa. Nik ere nahi dut fermuki minbiziaren inguruko jakintza areagotzea, zer esanik ez haurrengan ematen den minbizia. Iker dezatela, sosak bidera daitezela, izan dadila oro har osasunarena gure jendarteak lehen lerroan jarriko duen borroka bat. Baina gisa horretako gaiak, haragi gorritan, telebistan hala haizatzeak erreparo bat baino gehiago sortzen dit. Izen abizenak jartzen dizkiete minbiziadun haurrei, pertsonalizatu egiten dute mina, jende bestela pasibo artera hedatu, hartara. Oso hunkigarria da minbiziadun haurrak ikustea, haien bizikizunak, gorabeherak, ahaleginak ikustea, ezagutzea, bizitzea. Baina izan gaitezen serioak. Twitterren irakurri bezala: Bizkaiko Diputazioak dirua eman zion EITBko asteazkeneko Maratoiari; Supersur autobideko 3 metroren baliokidea, hain justu.
Esan nahi baita, zalantzak bilakatzen direla galdera: benetan, horrela egin behar dira gauzak? Jendearen borondatearen arabera ikertuko dira minbiziaren ingurukoak, edo ikertuko dira gutxiago, edo ez dira ikertuko? Ez al dagokio beste estamenturen bati horiekiko bitarteko-baliabideak jartzea? Bestela zer, kausa justuak eta injustuak daude? Defendatu beharrekoak eta, tira, leku guztietara iristen ez garenez, bada, bide bazterrean utz daitezkeenak? Telebistan agertzen direnak dira benetan premiazkoenak? Nork erabakitzen du Maratoi bakoitzean zer kausa diruz lagundu? Kausek eurek egiten ote dute zer edo zer EITBk lagunduak izateko? Ze, azken batean zer da Maratoiarekin bilatzen dena, problematika bat ezagutaraztea edota problematika horren parte batentzat dirua biltzea? Lehena bada, zergatik eskatzen da dirua? Bigarrena bada, zergatik ez dira gauzak azaltzen modu txukun, serioago, ez hain hori batean, eta ez bigarrena gauzatzeko modu argiro bideratuan? Eta biak badira helburu, bada ez dakit diruak ez ote duen dena zipriztintzen, ez ote den tendenziosoa inondik ere diruak beste ezerekin osatzen duen binomioa.
631.888 euro bildu ziren EITBko Maratoian, egun bateko solidario izan ziren telebistako aurpegi ezagunekin, akaso diru biltzeko egunik onena ez den asteazken buruzuri batean. Ez dakit, ordea, zer preziotan lortu zen diru hori.

Komunikazioa. Ekografiak
Zer preziotan dirua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu