Marian Iriarte.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

Zientzia eta gizartea

2013ko irailaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Oraingoan, hezkuntzak eta unibertsitateak gizartearengan izan behar duen eraginak ekarri nau hona.Aukera izan dut ikusteko Italiako Trentino inguruan ikerkuntzak, garapenak eta berrikuntzak duen garrantzia. Ingurune benetan ikusgarria. Eta bertan, unibertsitatea, goi mailako hezkuntza, ikerkuntza, enpresetan bultzatzen den berrikuntza eta guztien arteko lankidetza fruitu emankorrak ematen ari dira.

Beste leku askotan bezala, era horretako lankidetzak egoera ekonomikoa okertzen denean sortzen dira, edo alderantziz, egoera ekonomikoa oso ona denean eta edozertan inbertitzeko dirua dagoenean.

Unibertsitateak eta oro har hirugarren hezkuntzak badute inguratzen dituen gizartearekiko erantzukizuna. Diru asko inbertitzen du gizarteak hezkuntzan, eta horren fruituak jasotzeko eskubidea du. Unibertsitate publikoko tasak igo behar dituztenean, ikasleak horren aurka agertzen dira, eta ez da harritzekoa. Baina ez dezagun ahaztu ikasle batek duen kostea ordaintzen duena baino dezente handiagoa dela. Unibertsitate publikoak ezin du jendea baztertu euren baliabide ekonomikoengatik, baina gizarteak ikasle bakoitzeko ordaintzen duenaz jabetu behar du, diru asko baita alferrik galtzen uzteko. Behar bezala formatutako profesionalak kaleratuko ditu, eta hori gizarteari zor dion zati nabarmenena da. Beste alor nagusi bat unibertsitatean garatzen den ikerketa da. Ikerketa horrek ezagutza maila handiagoa dakar, eta horrela joango da osatuz jakinduriaren gaztelua. Baina ikerketa hori aurrera eramateko gizarteak jarritako baliabideak era batean edo bestean berreskuratu behar ditu. Jakinduria maila oro har handituz joatea bada gizarte osoaren altxorra, baina ez nahikoa. Unibertsitatean egindako ikerketak era batean edo bestean isla izan behar du gizartearengan, hots, teknologia tokiz aldatu behar da, eta, horrela, gizarte osoak aurrera egiteko aukerak areagotu egingo dira. Eta, azkenik, bada beste «transferentzia» bat, unibertsitateak duen erantzukizun korporatiboa. Leku batzuetan, eta nagusiki osasun zerbitzuak eskasak direnetan, unibertsitateak berak eskaintzen ditu lehen mailako osasun zerbitzuak, edo langabezian daudenentzako doako ikastaroak, edo...

Gatozen berriro Trentinora; bertan ikus ahal izan dudanez, unibertsitatea, zentro teknologikoak, administrazioa, enpresak... elkarlanean jarri dira inguruko ekonomia eta garapena bizkortu eta bultzatzeko. Ikerketa eta garapenean urteetan inbertitutako diruak ez omen du askotan isla garbirik gizartearengan, ez dira horregatik lanpostu hobeak sortzen, edo enpresa lehiakorragoak. Eta hori, askoren ustez, ikerketa gizartearen beharretara egokituta egon behar duelako da, hots, ikerketak aplikatua izan behar du. Ez omen da baliagarria oinarrizko ikerketa deritzona, unibertsitateak gizarteari eta enpresen beharrei begiratu behar die.

Bai, bai, neurri batean hala da, baina ez dezagun ahaztu enpresek unibertsitateari begiratzen diotela arazoak dituztenean bakarrik. Arazo jakin bati aurre egiteko ikerketa ez da egun batetik bestera sortzen, horren atzean urteetako eta ikertzaile askoren lana dago, hau da, «oinarrizko» ikerketa, askoren ustez ezertarako balio ez duena. Gaur egun ditugun baliabide teknologiko guztiak ez lirateke hor egongo aurreko urteetan oinarrizko ikerketa asko eta ona egin izan ez balitz. Enpresa garrantzitsu eta erraldoi askok bere garaian oinarrizko ikerketan apustua egin zuten, eta horrek bere fruituak eman ditu.

Ez dezagun, bada, arazoa gehiegi sinplifikatu eta gizarteak dituen «beharretara» egokitutako ikerketa aplikatua soilik egin, horrek biharko egunerako fruitu eskasak emango baitizkigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.