Uxue Razkin.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Ziztu bizian

2021eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Ziztu bizian bizi gara, lotan gaudenean ere ez gara gelditzen; buruari bueltak ematen dizkiogu egunero: atzo txertoa eta pandemia, bihar krisi ekonomikoa. Langabeziak gora egin du. Osasun mentala, auzian. Manifestazioak debekatu. Aste Santua salbatu. Ia urtebete igaro da amesgaiztoa hasi zenetik. Zer dio OMEk? Eztabaida. Mahai ingurua. Eta zer dio Victoria Abrilek? Eztabaida. Mahai ingurua. Denak eztanda egingo du. Gure buruak. Munduak.

Irratian, kadentzia horretan ari dira esatariak ere. Mundua presaz kontatzeko beharra dago orokorrean. Albisteen kontakizunari elur-bola handi bat doakio atzetik, gertakizunen zurrunbiloa gero eta handiagoa eta pisutsuagoa egiten. Errealitatea berehala nahi dugu entzun eta ikusi. Laburtu bost minututan, mesedez, zer ari den gertatzen; kafea hartzen dugun bitartean, lanean, ala siesta garaian. «Azken ordua»-k jango gaitu. Lerroburuen bitartez ulertzen ari gara gure ingurua, hitz gutxitan: berri bat, txio bat, epitafio bat.

Geldialdi eskatua. Asteazkeneko Ekosfera-n gelditu nintzen, hobe beharrez. Historiako istripu nuklear larrienaz, Txernobilez, mintzo ziren Guillermo Roa aurkezlea eta saioko gonbidatua, Leire Ocerin fisikaria. Azken horrek gradu amaierako lanean aztertu zuen gaia sakonean, eta horren inguruan aritu ziren biak. Istripuaren testuingurua aztertu zuten; gertakaria zientziaren ikuspuntutik landu, eta horrek eragindako ondorioak azaldu zituzten. Roak bikain gidatu zuen saioa, eta fisikariak erantzun argiak eman eta kontakizuna erraz egin zuen. Bide batez, gustatu zitzaidan emakume zientzialaria izatea. Aldez aurretik barkamena eskatu beharrean nago, emakumea izate hutsa azpimarratzeagatik. Akaso aurrera begira ez da izango txalotu beharreko konturik. Noizbait utziko ahal dio horrek berria izateari!

Sarri, bonbardaketa informatiboaren ostean, uharte batean deskonektatzea da dugun desio bakarra. The Outrun liburuko Orkadak bisitatu adibidez, edo Corfun lehorreratu, Durrell familia ezagutzeko helburuz. Irla imajinarioak ere izan litezke aproposak. Asteazkenean, Grafitti-n, An Atlas of Imagined islands liburuaz hitz egin zuten. Aurkezpen polita, bidaia atsegina. Bada, zalantzan nago errealitatearen aurrean, fikzioa ez ote den apurka-apurka botere miragarri hori galtzen ari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.