Zin degizuet zutabe hau izango dela aurtengo Iruñeko sanferminen gaineko azkena —bide batez, lagun iruindarrok: bizirik zaudete oraindik?—. Besteak beste, bihar bukatuko direlako, gaixoa ni. Eta eskerrak abuztuan Ekografiak-en tarte honi opor ematen dioten. Zure buru osasunaren mesederako, irakurle maite. Baina imajinatu bestela zer alamena emango nukeen bateko eta besteko aste nagusiekin. Aire, aire, hobe dugu abuztua beste zeregin hobeetarako uztea —nahiz orain ez zaidan bururatzen telebista lasai, hurrengo egunerako ezer idatzi beharrik gabe, ikustea baino gauza laketgarriagorik—.
Eta sanferminak bertatik bertara bizi nahi baina ezin ditugunontzat zerbitzu ezinbestekoa ematen digute telebistek. Bihoa beste ezeren aurretik aitorpena. Baina telebista saio batzuekin gertatzen da poztu ere egiten zarela egon nahi baina ezin zaren jai horietan ezin egoteaz. Eta ez da entzierroei buruzko ezer, nahiz aspergarri samarrak izan ziren atzora artekoak: azkenean hasi dira zezenak jendea harrapatzen! Besterik da: ETBko jaun-andreok, mesedez eta arren, nahikoa da Jaiak saio mitikoaren bertsio gero eta urardotuagoak emateaz. Benetan, beharrik ez dago, horiek gabe ere egin dezakegu aurrera.
Hasteko, sanferminetakoak ez duelako betetzen aurretiko baldintza minimo bat: hizkuntza batean izango den telebista saio batean parte hartzeko hizkuntza hori gutxi-asko menperatzea. Eta Sanferminak 2013 honetan ez da betetzen. Kasu deigarriena izango da erreportariarena. Kontxo, gaizki pasatzen ari dela ikusten duzu, eta ez kamera aurrean dagoelako. Etorkizuneko euskara erakusten digu, gainera: ergatiborik gabea, erlatibozko atzizkiengandik libre. Eta gero hiztegi berezi bat: kalimotzoa, tzupinazoa. Pena da ETBk Txapeldunen Ligako eskubideak ez erosi izana.
Baina okerra litzateke saio baten hizkuntza mailarekin soilik geratzea. Edukiak ere kontuan hartzeko modukoak dira: goizeko entzierroen berrikusteak —gauean—, ahal dutena egiten duten elkarrizketatuak —kasu galderei: parranda egin duzu, zer ordutan joan zara ohera—, su festekin emateko errematea. «Gaurko suak koloretzuak eta zaratatzuak izan dira», zabaldu zigun bihotza erreportariak. Tumatxa. Eta bihar bukatuko dira aurtengo Iruñeko sanferminak. Gauza batzuk ikusita uros sentitzera ere irits naiteke. Zorionekoa ni.

Komunikazioa. Ekografiak
Zorionekoa ni
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu