Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Zorionez, hilketa

2017ko otsailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Proportziorik eza, normaltasunez Errealitatearen distortsioa ekar dakiguke Kataluniako prozesua Espainiako komunikabideen fokuen ikuspegitik jarraitzeak. Eskandaluzkoa behar lukeena izan, normal-normal barneratzeraino. Komunikabideen behatoki kritikoa den Media.cat albistegi digitalak txosten konparatibo berri bat atera bitartean, azken hiru urteetan argitaratu dituenekin geratu beharko dugu. Eztabaida saioak kontuan hartuta, 2014ko azaroko kontsultaren testuinguruan, Espainiako eremukoetan %92 kontsultaren kontrako solaskideak izan ziren, %8 aldekoak; Kataluniakoetan, berriz, %63-%37 izan zen proportzioa. 2015eko iraileko hauteskundeetan, Espainiako eremuetan %96 izan ziren independentziaren kontrako ahotsak, eta %4 aldekoak; Katalunian, %52-%48 izan zen proportzioa. Kontrastatu gabeko gure pertzepzioak esaten digu eskuin-eskuineko hedabideak direla kopuru horiek lotsagarri egiten dituztenak, baina keba! Esate batera, La Sexta noche saio ustez aurrerakoian, 2015eko hauteskunde aurreko hiru hilabeteetan Kataluniako hogei politikari elkarrizketatu zituen Iñaki Lopezek, eta horietatik hamasei independentziaren kontrakoak izan ziren, inor ez aldekoa.

Itsukeriaren ondorio Carlos Herrerak albistegi baten karikatura eskaintzen digu goizero, bere eginez predikatzailearen bokazioa. Azkenaldian, gainera, albistegiaren lehen hamar minutuak Kataluniako prozesuaren eragileak larrutzen kontsumitzen ditu, nahastuz argudioak eta irainak (tonto isekatik hasi, eta mingarriagoekin segituz). Astelehenean, 06:00etako albistegian, pasadizo makabroa eskaini zigun, Kataluniakoa obsesio bihurtu zaion seinale. Exorzista baten paperean sentitu zen Mas deabruaren aurrean nonbait, eta zera esanez amaitu zuen sermoia: «Zorionez, aktualitateak Kataluniakoak baino berri gehiago ekarri dizkigu». Hara non, hura isildu eta lankideak kontatu zigun lehen albistea Moran (Toledo, Espainia) izan zen: senarrak emaztea labankadaz hil zuen.

Laukotea aldarean Bihar, Luis del Olmo, Jose Maria Garcia eta Iñaki Gabilondo Espainiako irrati dinosauroak biltzekoak ditu Herrerak (08:30-10:00), Irratiaren Nazioarteko Egunaren aitzakiatan. Laukotearen hizketaldiaren gidoiak ez digu ezustekorik emango: haiei esker sendotu zen demokrazia Espainian, haiek sortu zuten iritzi aniztasuna irratian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.