Roberto Sarriugarte
Ardoxka

Zoroen etxea

2024ko urtarrilaren 5a
05:00
Entzun

Italiako Piamonte eskualdean Ca'di Matek badu bere esanahia: zoroen etxea esan nahi du. Victoria Serrano eta Paolo Armando bikoteak eta horien kide Curro Bareñok eta Jesus Olivaresek abiatu zuten hain izen adierazgarria duen proiektua.

Upategia Pelayos de la Presa eta San Martin de Valdeiglesias herrien artean dago kokatuta, Madrilgo erkidegoaren mendebaldean.

Bere garaian nekazari etxaldea zena upategia da gaur egun. Victoria Serranoren familiak zuen etxaldea, alegia. 

Mahastiez gain, almendrondoak eta baratzea ere badituzte, eta oiloak eta oilarrak ere hazten dituzte bertan.

Gredosko mendilerroaren behealdean daude mahastiak eta upategia. Inguruetako lur gehienak granitoz osatuta daude, 700 eta 850 metro arteko altueran. Urteko batez besteko tenperatura 13,7 gradukoa da, eta prezipitazioa 600 mm-koa.

Inguruko landaredia askotarikoa eta aberatsa da, ipar-ipru, haritz, arte, gurbitz, estepa, lizar, elorri beltz eta abarrez osatua.

Nekazaritza ekologiko ziurtagiria daramaten berrogeita bost partzela txiki lantzen dituzte Victoriak eta Paolok, guztira hogei bat hektarea; batzuk familiarenak eta beste batzuk alokairuan.

Mahasti horiek 30 eta 80 urte artean dituzte, eta garnatxa, albillo real eta moskatel mahatsak dira nagusi horietan.

Ca'di Maten garnatxaren fintasuna, dotorezia eta konplexutasuna bilatzen dute, Gredosko granitoz osatutako lurrak bitarteko.

Bilaketa horren oinarrian dagoena da gizakiaren ahalik eta parte-hartze txikiena bermatzea, mahastiko legamia eta bakterioak baliatuz, eta mahats mordo osoak erabiliz hotzean beratze leunak eginez.

Ardoak ontzeko erabilitako upelak eta porlanezko deposituak erabiltzen dituzte, protagonismo nagusia frutak izan dezan.

2017an merkaturatu zituzten lehen aldiz ardoak, eta gaur egun paraje horietako proiekturik bikainenetakoa da, inongo zalantzarik gabe.

Ekoizpen datuei begiratuz gero, proiektu txikia da, baina, ardook erakusten duten izaerari eta nortasunari erreparatuz, proiektua ezagutzen ez duten zaletu askorentzat izugarrizko aurkikuntza ederra izan daiteke.

Bi ardo zuri bikain dituzte: Valautin eta Los Peros; biak ala biak albillo real mahatsez eginak. Hiru ardo beltz: Valautin, Los Peros eta Fuente de los Huertos; hirurak garnatxa mahatsez eginak. Horiek dira upategiko protagonistak.

Zurietan zein beltzetan Los Peros nabarmenduko nuke. Zuria, jaki askorekin moldatzen delako bikain. Beltza, duen sakontasun eta luzeragatik.

Gaur egun, gainera, upategiko ardo guztiek V-label begano ziurtagiria daramate.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.