Komunikazioa. Ekografiak

Angolatik Dominikar Errepublikara

Aritz Galarraga.
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Angola: Afrikako HM-ko estatua. Mugak: I-an, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Kongo; M-an, Ozeano Atlantikoa; H-an Namibia; E-an Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Zambia. Lautada handia da, han-hemenka inselberg-ak dituena. Klima tropikala da. Iparraldea oihantsua da. Nekazaritza (manioka, kakahuetea, artoa, sorgoa, kafea eta tabakoa). Arrantza. Meatzaritza (petrolioa, diamanteak, burdina eta gatza).

Arazo bat dauka, ordea: azkenaldian bare xamar dabil; ez garai bateko gerrilla, gerra, tiro, bonba, okel festarik. Ezin lehiatu, beraz, Afrikako beste lurralde batzuekin. Eta, zakua betea dagoenez, ez da agertu aspaldian telebistan. Hango gosea, gaitz endemikoak ez dira berri, ez dute, dagoeneko, aberaskumeon begirik betetzen.

Denbora dezente zen telebistan Angola hitza entzuten ez zela. Pedro Piqueras ikusten ari ginela aditu genuen atzera: «Munduko herrialderik txiroenetakoa da Angola, eta, aspaldiko partez, notizia da gaur mundu osoan». Hasierako ustearen kontra, Angolaren atzetik ez zen etorri Piquerasek hain gustuko duen adjektibo beldurgarri horietako bat: «Notizia da, ez gerra baten kausaz, ez goseteagatik». Aitzitik, munduko missen lehiaketan irabazle izan delako Angolako ordezkari Leila Lopes —ez nahastu Leire Lopez etxe honetako literatur kritikariarekin—. Harrigarria da, Angolaren presentziagatik, informatiboetako aurkezlea bera harritzea, are motiboa zein den ikusita.

Zerbait esan genezake gisa horretako lehiaketez, okel festen bestelako bertsio horiez, baina feministei utziko diegu lan hori. Miss lehiaketak albo batera utzi gabe, ordea, beste kasu bat ekarri nahi dut hona. Conexión Samanta saioan jaso zuten, Cuatro katean, Dominikar Errepublikan egiten den nazioarteko lehiaketa, nolabait esatearren, berezia.

Parte hartzaileak ez dira ohiko missak, hogei urteren bueltan dabiltzan neska pinpirinak; mini-miss-ak baizik, zazpi-zortzi-bederatzi urteko neskatoak, helduen erreplika nanoak, beren jantzi, hauts, ibilerekin. Ez dakit Jon Mirandek zer esango lukeen, baina, estomaka itzulipurdikatu zitzaidan niri. Eta gurasoak entzutea aurrezki guztiak gastatzen dituztela, neskatoa inbertsioa dela eurentzat. Ea zorte pixka bat duten eta txirotasunetik ateratzen dituen alabak, itxuraren munduak, telebistak. Ez dakitena da, akaso, ametsak okel freskoa baino arinago usteltzen direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.