Materia-antimateria deuseztapenean masa guztia bihurtzen da energia, fusioan eta fisioan ez bezala. Posible den erreakzio energetikoenaz ari gara, itzelezko energiaz. Hala, gramo erdi materia eta gramo erdi antimateria —hots, gramo bat lehengai— elkarrekintzan jarriz, 89.876 gigajouleko energia lortzen da. Orduko 25 gigawatt lirateke gutxi gorabehera, zentral nuklear arrunt batek egun batean ekoizten duena. Eztandan, 21,5 kilotoi lirateke, Nagasakiko bonbaren pareko. Eta hori guztia gramo bakarrarekin. Propultsatzaile bikaina litzateke, zalantzarik gabe; izar arteko bidaietarako egokia. Baita leherkari itzela ere. Horien ikerketan dabiltza munduko hainbat armada. Baina, hori bai, gramo erdi antimateria lortzea ia ezinezkoa da gaur egungo teknologiarekin. Sekulako dirutza beharko litzateke.
CERNen sortzen dituzten antiatomoez aparte, antimateria batez ere energia handiko prozesuetan sortzen da unibertsoan. Lurraren atmosferarekin talka egitean, adibidez, izpi kosmikoek antimateria sortzen dute, baina berehala deuseztatzen da.
Hainbat material erradiaktibok ere —sodio-22 isotopoak, adibidez— desintegratzean positroiak igortzen dituzte.
Eta, hain zuzen, antipartikula horiek erabiltzen dira positroien igorpen tomografian (PET). Gorputzean sartzen da isotopoa, konposatu kimiko jakin batean txertatuta. Isotopoak igorrita, positroiek milimetrotako bidea egiten dute, oso txikia, eta gero antipartikulak deuseztatu egiten dira inguruko materiarekin. Deuseztapenetik energia sortzen da, bi fotoi oso energetiko, elkarren kontrako bidea egiten dutenak. Gaixoa inguratzen duten eraztunak fotoiak nora eta zenbat denboran iristen diren detektatzen du, eta deuseztapenaren tokia kokatu. Gero, informazio hori irudi bilakatuko dute. Positroien igorpen tomografiak ez du beste tekniken adinako bereizmena lortzen, baina gorputzean zehar substantziak nola eta nora mugitzen diren ikusteko aproposa da.
Antimateriaren inguruko amets eta errealitateak
Erraz ekoitzi eta biltzea lortuko balitz, erregai bikaina litzateke, adibidez, espazio bidaietarako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu