Telesailak

Antologia bat, hiru hitz eta hamaika mundu

‘Love, Death + Robots’ Netflixek ekoitzitako animaziozko antologia bat da, eta David Fincher eta Tim Miller ditu ekoizle nagusi. Zenbait genero hartzen dituzten film labur independenteak ditu oinarri: zientzia fikzioa, fantasia, beldurra eta komedia.

'Love Death Robots. Vol 4' telesailaren fotograma bat. NETFLIX
'Love Death Robots. Vol 4' telesailaren fotograma bat. NETFLIX
gaizka izagirre
2025eko maiatzaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gizotso soldaduak, robot matxinatuak, zabor munstroak, ziborgak, Gabonetako deabruak, sari ehiztariak, armiarma estralurtarrak, erraldoi biluziak... Love, Death + Robots telesailaren lehenengo hiru denboraldietan istorio desberdinak eta askotariko pertsonaiak erakutsi dituzte. Kapitulu guztien arteko lotura, ordea, ez da trama edo pertsonaia partekatu bat, izenburuari erreferentzia egiten dioten hiru elementu baizik: maitasuna (Love), heriotza (Death) eta robotak (Robot). Atal bakoitzean, gutxienez, osagai horietako bat topatuko du ikusleak, betiere helduentzako animaziozko teknika desberdin baten bilgarrian. Laugarren denboraldiak bide berberari jarraituko dio.

Atalak 5 eta 20 minutu artekoak dira, eta esperimentazio estetiko eta narratiboari bide ematen dio horrek. Kapitulu bakoitza independentea izanik, pertsonaia, mundu eta estilo bisual desberdinekin jokatzeko aukera ematen du. Nabarmentzekoa da, halaber, seriearen sormen askatasuna.

Telesailaren lorpen handienetako bat aniztasun estetikoa da. CGI hiper-errealista, 2D tradizionala, stop-motion bidezko animazioa, teknika esperimentalak... ez du beldurrik atal bakoitzean berrasmatzeko. Norberaren gustuen arabera esperientzia desberdina izan daitekeen arren, ikuslea etengabe estimulatuko du horrek. Proposamen ausarta eta bisualki liluragarria da, eta animazio eta narratiba garaikidearen mugak desafiatzen ditu.

Narratiboki, satira sozialaren, kritika teknologikoaren, filosofia existentzialaren eta indarkeria estilizatuaren artean nabigatzen du, baina, telesail antologiko ia guztietan gertatzen den moduan, hemen ere desorekak daude: atal batzuk oso sakonak eta esanguratsuak dira, eta beste batzuk estetikan oinarrituko dira, edukiari askorik erreparatu gabe.

Lehenengo denboraldiko zenbait ataletan emakumeen irudiaren tratamendua nahiko arbuiagarria da; emakumezko gutxi azaltzeaz gain, doako sexualizazioaren akusazioak izan zituen bere garaian. Zorionez, ondorengo denboraldietan apur bat zuzendu dute hori.

Anbizio handiko lan esperimentala da, eta animazioak istorio heldu, konplexu eta probokatzaileak kontatzeko duen ahalmena aldarrikatzen du. Telesailaren kalitatea atal batetik bestera alda badaiteke ere, Love, Death + Robots helduentzako telesail animatu bat baino askoz gehiago da: maitasunaren, heriotzaren eta teknologiaren mugak arakatzen dituen sormen laborategi bat dela esan daiteke. Eraikitzen ari den etorkizunarekiko kritika gisa ere funtzionatzen du.

FITXA

  • Sortzailea. Tim Miller. 
  • Herrialdea. AEBak.
  • Urtea. 2019-2025.
  • Non ikusi. Netflix.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 5-20 minutu bitarte.
  • Generoa. Animazioa, zientzia fikzioa, beldurra, umorea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.