Goiz osoan zabalduko ditu ateak irratiak, 09:00etatik 14:00etara. Egoitza bisitatzeko aukera egongo da, baita antolatu dituzten hainbat jardueretan parte hartzeko ere. Herri komunikabideen inguruko eztabaida 10:00etan hasiko da, Arrosa Sareko irratien eskutik. Horren ostean, Antxetamiña saio berezia eskainiko dute Behe Bidasoko gazteek. 13:00etan, berriz, jokoak izango dira parte hartu nahi duen guztiarentzat. Antxeta irratia zer den eta nola lan egiten duten plazaratzeko asmoz antolatu dute Irrati maratoia. Egun horretako emankizun guztiak jarraitzeko aukera egongo da, bai Internet bidez, baita irratian ere.
«Helburua irratiaren elkarte izaera gizarteratzea da». Aitziber Zapirainen hitzak dira, Antxeta irratiko koordinatzailearenak. Horrez gain, herri komunikabideen sorreran aitzindariak izan direnak batu nahi dituzte, eta, horrekin batera, hainbat irratiren lekukotasunak eta esperientziak trukatu. Urriaz geroztik, hamargarren urteurrenaren inguruan gogoeta egiten dabiltza, eta irratiak daraman bide beretik segitu nahi dute: «Hartu dugun txanparekin jarraitu nahi dugu; urritik martxan dagoen Herri hotsak proiektuak, adibidez, jende gehiago bildu du Antxeta irratiaren ingurura».
Hamargarren urteurrenean murgilduta badaude ere, etorkizunari begiratzen diote: «Ideia berri askoren inguruan gogoeta egiten ari gara; sukaldean dauden proiektuak dira». Larunbata ez da hamar urteak ospatzeko aukera bakarra izango. Batetik, urtarrilaren 13an, hitzaldia antolatu dute, Manuel Tapialen eskutik. Udaberrian Gazara bidean zihoan Askatasunaren Ontziterian ikusi zuenaz eta Palestinaz hitz egingo du. Bestetik, otsaileko lehenengo asteburuan, Europako irrati elkarteen topaketak antolatu dituzte.
Gainera, urtebetetzea ospatzeko oparia jaso du Antxeta irratiak duela gutxi, BERRIA beka eskuratu baitu. Euskal irrati lokalak sakelakoan eta edonon jasotzeko proiektua saritu zuten, eta dagoeneko ekimena gauzatzen dihardute: «Lanean hasi gara; hainbat irratirekin harremanetan jarri gara jada».