Sanantolinak Lekeition

Antzarak eta bestelakoak

Lekeitioko sanantolinak hasi dira jada. Antzara Eguna astelehenean izango da, baina, ordura arte, asteburuan ere izango da zer eginik. Bihar paella eta bakailao lehiaketak egingo dituzte.

Lekeitioko sanantolinetan paella prestatzen, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko irailaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iraila heltzeak askorentzat oporren bukaera dakar berekin. Baina Lekeition (Bizkaia) urte osoa daude iraila heltzeko zain, orduan ospatzen baitituzte herriko zortzi egun garrantzitsuenak, Lekeitioko jaiak: sanantolinak. Hain justu, gaur da San Antolin eguna, baina denetan egun arrakastatsuena eta jendetsuena izaten dena, Antzara Eguna, astelehenean izango da. 300 urte baino gehiagoko tradizioa duen jaian, lekeitiarrak mahonezko alkandorarekin eta zapi koadrodunarekin jantziko dira, Euskal Herrian entzuterik handienetakoa duen ikuskizunerako.

Jaiei hasiera emateko angelusa atzo egin zuten. Eta txupina Bittor Txakartegik bota zuen; hainbat urtez Jubilatuen Elkarteko lehendakari izan da, eta Antzara jaiaren batzordeko partaidea.

Jaietako ohiko jardueren artean, Aittitta Txiki elkarteak kroketa lehiaketa antolatu du. Aittitta Txiki Elkartea duela 30 urte sortu zen. Hasieran aisialdi talde modura funtzionatzen zuen, baina orain hainbat ekitaldi ere antolatzen dituzte urte osoan. Aurten, adibidez, maiatzean Iparraldeko Haizea jaia egin zuten, eta bestelako jarduerak ere egiten dituzte: argazki erakusketa, perretxiko bilketa, marmitako txapelketa, kale antzerkiko antolaketa lanak, mendi irteerak... «Bost gara taldean, baina laguntzen gaituen sare handi bat dugu, eta Makurra elkartearekin ere aritzen gara, besteak beste», azaldu du Sorkunde Barainkak, elkarteko kideak. Haien lana «boluntarioa» da, baina Lekeitioko Udalaren laguntza jasotzen dute beraien ekintzak egiteko. Sanantolinetan ere izaten dute zer egin, orain arte paella zein bakailao lehiaketak haien esku egon izan baitira.

Aurten, berriz, paella lehiaketa Jai Batzordeak antolatuko du, eta elkartea bakailao lehiaketaz arduratuko da. Bihar bertan izango dira paella lehiaketa eta bakailao lehiaketa. Paella txapelketan izena emateko epea asteartean bukatu zen, eta, ohi bezala, paella txapelketarako bakailao txapelketarako baino kuadrilla gehiagok eman dute izena. Halere, bakailao txapelketarako, azken unean ere eman ahalko da izena; bihar goizera arte, alegia.

Biak goizetik eguerdira jokatuko dira: paella txapelketa plazan, eta, bakailao txapelketa, Eskolapean. Aittitta Txiki elkartearen kroketa lehiaketa berria ere bihar izango da. Parte hartzaileek Otoio eta Muga tabernen artean dauden tabernetan prestatu beharko dituzte kroketak, eta aurkezten dituzten guztiak (sei, gehienez ere) bakailaoarekin eta masa berarekin egin beharko dituzte. 12:30ean aurkeztu beharko dituzte kroketok Eskolapean, eta garaileak txapela irabaziko du.

Gastronomiaz harago, Aittitta Txiki Kultur Elkartea bi jarduerez arduratuko da gaur bertan. Goizean, tiragoma txapelketan parte hartu ahal izango dute Eskolapeko limoiondoetara batzendirenek, 11:00etan. Geroago, 18:00etan, txapel jaurtiketa gidatuko dute elkarteko kideek leku berean. Batean zein bestean parte hartzeko, ordu erdi lehenago eman beharko da izena.

Antzara Egunean jende andana espero da, eta, horregatik, garraio publikoak zerbitzu bereziak eskainiko ditu. Bizkaibusak Bilbotik aterako dira 30 minututik behin, irailaren 5eko 08:15etik irailaren 6ko 06:00etara arte, eta Iurreta eta Markinatik igaroko dira. Horrez gain, autoen presentzia eragozteko, Antzara Egunean herriko erdigunea itxita egongo da, 11:00etatik 18:00etara. 16:00etan hasiko da antzaren jaia, portuan.

Eganeko Saldiasen agurra

Sanantolinetako egun garrantzitsuena izaten da Antzara Eguna. Lekeitioko hainbat kuadrilla antzara jokoan lehiatzen dira, antzara esekita dagoen tokira txalupaz joanda. Azken urteetan, parte hartzeko arauak moldatu dituzte: orain, nahi duten kuadrilla guztiek plastikozko antzara erabili ahalko dute, izena emateko orduan hala eskatuz gero. Bukatu ondoren, nasapuntan lehiatu ahal izango da nahi duen oro.

Musika ikuskizunak atsegin dituztenentzat, hurrengoak izango dira oholtzan: gaur bertan, Vulcano Show orkestrak dantzaldi ikuskizuna eskainiko du, argi, soinu eta irudiekin. Bihar, berriz, Nabil eta McOnak taldeak eta Juantxo Skalariak rock taldeek joko dute plazan. Hurrengo asteari begira, astelehenean (Antzara eguna), Herrialde Katalanetatik etorritako Itaca Band entzun ahal izango da. Reggae, ska, runba eta rock estiloak nahasten dituzte. Oxabi taldearen erromeriarekin ere dantzatzeko aukera egongo da. Asteartean, 20:00etan, DJ Xaibor egongo da plazan; eta, asteazkenean, Xabier Saldiasek agur kontzertua eskainiko du Egan taldearekin.

Jaietarako prestatu dituzten jardueren artean izango da tokirik kiroletarako ere. Futbol, esku pilota eta txirrindularitza txapelketez gozatu ahalko da. Bihar bertan, kadeteen lehenengo San Antolin torneoa jokatuko dute, Larrotegi futbol zelaian, 10:30ean hasita. 16:00etan, berriz, kadeteentzako txirrindularitza lasterketa egingo dute. Norgehiagokan garaile irteten denari San Antolin sari berezia banatuko diote, Oier Elorriagaren omenezko 15. memoriala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.