Antzarak, jai askotako jostailu

Antzararen jokoa Euskal Herriko hainbat herritan egiten dute oraindik; Lekeition, adibidez, garai berrietara moldatu dute, antzara artifizialekin. Igandean egingo dute jokoa jaien barruan.

Lehen aldiz egin dute aurten antzara jokoa Kanboko bestetan. Eztabaida piztu zen Brigitte Bardot fundazioarekin. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Miriam Arandia - Nora Arbelbide
2015eko irailaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Animalien kontura, herritarren jostaketa. Hala definitzen dira Euskal Herriko zenbait jaitan egiten diren ikuskizunak. Antzara jokoarena, ordea, ez da kontu berria, Erdi Aroan sortu zen ohitura baita.

Oinetatik zintzilik dagoen antzarari lepoa kentzean datza jokoa, eta bi modutara egin ohi dute Euskal Herrian: uretan portuan, edo lehorrean zaldi gainean. Ariketa apur bat zailtzeko, antzara oliotan bustitzen dute.

Antzara bizidunekin ospatu izan dute jaia urteetan, baina egun sakrifikatu egiten dituzte, animaliek ikuskizunaren garaian nozi ez dezaten. Besteak beste, Lapurdiko Zuraide, Saran, Biriatu eta Senperen egin ohi dute oraindik, eta aurten, lehen aldiz, Kanboko jaietan. Irungo Behobia auzoan (Gipuzkoa), Lekeition (Bizkaia), Markina-Xemeinen (Bizkaia) ere ohitura da. Jokoak, ordea, barrenak astintzen dizkio bati baino gehiagori; badago usadio hori eten nahi duenik, edo beste modu batera egitea hobesten duenik. Aurka daudenek animalien hilketa salatzen dute, baita antzara objektu baten maila berean jartzea ere. Aurten, jokoak zalaparta piztu du Kanbon, Brigitte Bardot fundazioak animalien tratua salatu eta gero.

Uretako jokoan, parte hartzaileek portua zeharkatzen dute bateletan, alde batetik bestera gurutzatzen duen sokaren erdialdean dagoen antzarari lepoa kentzeko. Hori soka tenkatuz eta lasaituz egiten dute. Harrapatzailea gora-behera mugimenduarekin aritzen da, uretan sartu-irtenda, antzarari lepoa kendu edo eskuetatik ihes egiten dion arte. Lehorrean ere helburu bera du jokoak: antzara ez da soka bateko gora-behera mugimenduan aritzen; geldirik dago, eskegita. Hari lepoa kentzeko, parte hartzailea zaldi gainean igarotzen da antzararen azpitik, eskua luzatuz eta antzararen burutik tira eginez.

Hala egin dute aurten lehen aldiz, Kanbon. «Berrikuntzaren bat sartu nahi izan dugu aurtengo jaietan, publiko zabalagoa erakartzeko. Eta antzaren jokoa egitea pentsatu genuen, baina ahateekin egin dugu. Horren berri eman genuenean, askotariko kritikak jaso genituen, basatiak ginela eta Erdi Aroko ohitura zela», azaldu du Pierre Baptista Kanboko besta komiteko kideak.

Brigitte Bardot Fundazioak horren berri izan ondoan, proposamen bat egin zuen, antzara faltsu batengatik ordezkatzeko. «Ulergarria da aurkako ikuspuntu hori, baina animaliak hilik daude aurretik, ez diegu agerraldian sufriarazten», azaldu du Baptistak. Edonola ere, baztertzen ez duten aukeretako bat dela azaldu du, eta aztertuko dutela; baina kontrako iritziak ere egongo liratekeela uste du: «Tradizioak, berez, egiazko antzarak ditu».

Antzararen jokoa ez da Euskal Herrian egiten den animalia jolas bakarra. Bizkaiko Ermua eta Gernika udalerrietan, esaterako, oiloen inguruan antolatzen dituzte festak. Plazan dantzatzen dute herritarrek, begiak estalita, eta ezpata baten bitartez lepoa mozten diete animaliei. Hala eta guztiz ere, tradizio horiek leuntzeko zenbait neurri hartu dituzte: oiloak zintzilik egon beharrean, atoian eramaten dituzte, adibidez.

Zenbait ohitura animalien eskubideen mesedetan aldatzen joan diren arren, oraindik ere, badago lehengo tradizioari estuki lotuta jarraitzen duen herririk; ezinezkoa dirudi usadio horiek leuntzea, gaurkotzea edo moldatzea.

Lekeition, gaurkotua

Antzara Eguna izaten da lekeitiarrek irrikan itxaroten duten eguna. Irailaren 5ean egin ohi dute, baina larunbata denean igandera aldatzen dute, igande honetan egingo dute, aurten, beraz. Azken urteetan ikuskizunak aldaketak izan digu, garaian garaiko aldaketetara egokitzen jakin du: «Jai gaurkotua da, orduko esentzia gordetzen duena; herri osoarena izatea lortu dugu, eta ez gizonezkoena soilik. Benetako antzarak erabiltzeari utzi, eta mekanikoak erabiltzera hasi gara, halaber», esan du Sabin Madariagak.

1631. urtera egin behar da salto Lekeitioko ohitura zaharraren zantzuen berri izateko. Orduan hasi ziren lekeitiarrak antzara jokoa egiten, herriko plazan, inauterietan. Urteak pasatuta, portuan egiten hasi ziren,eta marinelek soilik hartzen zuten parte 1979ra arte. Urte horretan bertan hasi ziren emakumeak antzara jokoan parte hartzen, gizonezkoen maila berean. Herriaren jaia denez, denek nahi izaten dute jokoan parte hartu; baldintza nagusia eta bakarra, ordea, 16 urte baino gehiago izatea da. Harrapatzailea izateko, halaber, gurasoen baimena eskatzen dute, 18 urteak bete arte.

1964. urtean, animalia sakrifikatuak erabiltzeko agindua jaso zuten, baina Franco hil ondoan, lehengo tradizioa berreskuratu nahi izan zutenez, 1976an, antzara bizidunekin egin zuten jokoa 1983ra arte: orduan, antzara hilak erabiltzeko proposamena egin zuten; eta 1986an, antzara hilekin egiteko erabakia hartu zuten. Hegazti gripea bolo-bolo zebilenean, ordea, herriko jaia arriskuan ikusi zuten herritarrek, eta 2008an azterketak eta probak egiten hasi ziren. Proba horien emaitzak ikusita, antzara mekanikoak benetako antzarekin ordezkatzeko erabakia hartu zuten. Parte hartzaileek, edonola ere, antzara naturalak edo artifizialak hautatzeko aukera izaten dute, izena emateko orduan. Iaz, esate baterako, hamalau taldek hautatu zuten antzara artifiziala: «Dinamikak eta mekanikak esku hartzen dute antzara sortzerakoan. Benetako antzararen itxura lortzea da xedea. Polimerozko pieza bat du ahultasun edo sendotasun maila bat emateko», gehitu du Madariagak.

Ikuskizun nagusiak 16:00etatik 19:00etara irauten du. Goizean, ordea, 12:00etan, zozketa egiten dute herriko plazan, parte hartzaileak zein ordenatan irtengo diren zehazteko. Zozketaren aurretik, batelak txukuntzen hasten dira, eta giroa berotzen hasten da. Batel kopuruak urtetik urteragora egin du nabarmen: 1976an, 33 ontzik parte hartu zuten, eta iaz, 89k.

Antzararen jokoa, beraz, gizartearekin batera moldatuz doa, Lekeition: «Posible da beste aldaketaren bat gertatzea; ohiturak gaurkotuz joan behar baitira, aldi berrietara egokituz. Esate baterako, ikuskizun nagusiak hiru ordu irauten du, eta, batel kopurua geroz eta handiagoa izaten denez, kopurua noizbait mugatu beharko dugu, asko parte hartu gabe gelditzen baitira, denbora faltarengatik. 16 urtetik gorako parte hartzaileak diren bezala, beharbada, goratik ere jarri beharko da muga. Ontzi kopurua murriztea ere beste aukeretako bat izan liteke», azaldu du batzordeko kideak.

Biriatun (Lapurdi) ez dute ezagutzen Lekeitioko Antzartek edo antzara artifiziala. Aspaldiko ohitura da jokoa herrian: «Duela 70 urtetik gutxienez egiten da antzara jokoa Biriatun, eta, duela 50 urtetik gutxi gorabehera, antzara hilekin egiten da», azaldu du Martin Julien Biriatuko besta komiteko presidenteak.

Azaroko herriko bestetan antolatzen dute jokoa, eta aurtengo festetan ere badute egiteko asmoa. Inoiz ez dute izan arazorik herritarrekin ezta inongo elkarte ekologistarekin ere: «Gure asmoa da orain arte bezala jokoarekin segitzea. Jokoa baino egun batzuk lehenago, antzara hiltzen dugu, eta, jokoa pasatu eta egun batzuetara, haiek prestatu eta jan egiten ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.