Goenkale eta Balbemendi telesailetako zuzendaria izan zen bere garaian Jabi Elortegi (Bermeo, Bizkaia, 1969). Zineman Zorion perfektua filma izan zen haren aurreneko filma, 2009an. ETBk estreinatuko du laster haren dokumental berria, 1912an Bizkaiko kostaldean izandako enbata kontatzen duena. Trailerra Vimeo-n ikus daiteke.
Nondik nora sortu da Galerna. Ekaitz ezezaguna dokumentala egiteko proiektua?
Ni bermeotarra naiz, eta historia kontatzea beti izan dut gustuko. Buruan izan dut beti nire herriko zerbait kontatzea. Istorio hau hor zegoen, eta inork ez du sekula kontatu. Ohartu nintzen Bermeotik kanpo ia inork ez zekiela duela ehun urte zer gertatu zen. Bermeon ere oso gutxik dakite gertatutakoa. Aurten ehun urte betetzen direnez galerna hartatik, pentsatu nuen aukera ona izan zitekeela istorioa kontatzeko.
Tragedia hura bizi izan zuten guztiak hilda daude. Haien bilobengana iristea zaila izan al da?
Badaude biloba batzuk istorioa ondo ezagutzen dutenak, eta haien hitzak garrantzitsuak dira. Esan dezakegu, dokumentatzen hasita, istorio politak eta elkarrizketa on batzuk lortu genituela. Onik atera ziren hiru lagun bakarrik egon ziren, eta haiek kontatutakoa dokumentatua zegoen. Bestetik, zinema irudirik ez dago batere. Oso argazki gutxi daude, bakarrik elizkizunenak, Espainiako erregea etorri zelako. Erronka bat zen istorioa kontatzea. Baina nik ez nuen kontatu nahi istorioa material horrekin bakarrik. Antzeko enbatak beste garai batzuetan jasan izan dituztenak badaude itsasgizonen artean, eta haien testigantzak jaso ditut.
Aurrerapenak aurrerapen, enbata batek itsasoan harrapatuz gero, ba al dago alderik lehen eta orain?
Sentsazio berberak dituzte duela ehun urte eta orain. Horregatik, garrantzitsua iruditu zitzaidan beste garai batzuetan itsasoan galdurik izan diren pertsonekin hori transmititzea. Sentsazio horiek kontatzen dira.
Bestelako irudi eta eszena batzuk ere grabatu dituzue. Nolakoak izan dira grabaketa horiek?
Irudirik ez zegoenez, asmoetako bat izan da erakustea garai hartako itsasontziak nolakoak ziren. Erreplika bakarra dago Sokoan, Lapurdin, eta hori grabatzen aritu ginen. Aktoreekin eszena batzuk ere grabatu ditugu, itsasoan gertatu zena irudikatzeko. Beti egiazko istorioetan oinarritu gara fikziozko eszenaratzeak egitean. Teknika berriak eta 3D teknika erabiliz, bestalde, itsaso handian ontziek nola jokatzen zuten jaso dugu. Ume batzuk ere agertzen dira. 1912. urtean Titanic-ekin zer gertatu zen ezagutzen dute neska-mutikoek, baina haien herrian gertatutakoa ez.
Zeintzuk izan dituzu lagun dokumentala egiterakoan ?
Pausokaren lana da. Gidoilari lanetan Xabi Zabaleta eta biok aritu gara. Istorioan Martin Mugarrak lagundu dit. Kamera aurrean gauzak kontatzeko prest egon da itsasoko jende guztia, eta hori funtsezkoa izan da. Itsas aholkularitzan, Juan Apraiz izan dut alboan. Bera da galernari buruz gehien dakiena.
Noiz estreinatuko da lana?
Espero dut abuztuaren 12rako, mendeurrenaren egunerako, amaitua egotea. ETBk noiz estreinatuko duen ez dakit. Bertsio originala ia osorik euskaraz da, eta ETB1en emango dute. Ondoren gaztelaniara bikoiztuta ETB2n emitituko da. Asmoa dugu lana munduko hainbat jaialditara bidaltzeko.
Komunikazioa. Jabi Elortegi. Zinemagilea
«Antzeko enbatak jasan izan dituzten itsasgizonen testigantzak jaso ditugu»
Abuztuaren 12an ehun urte beteko dira enbata batek euskal kostaldean 143 lagun hil zituela. Gertaera horren inguruko 'Galerna. Ekaitz ezezaguna' dokumentala amaitzen ari da Elortegi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu