Karmele Larrinaga. Aktorea

«Antzerkiak, bizia aldatzen duelako, oinarrizko ikasgai izan beharko luke»

Pena du Karmele Larrinagak ez zelako lehenago hasi antzerkian. Duela 11 urtetik hori du ogibide, eta gaur egun ospea ere lortu du. Hiru urte daramatza 'Goenkale' saioko Axunen rolean, eta «luzerako dagoela» dio.

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2014ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Betitik izan du Karmele Larrinagak (Bilbo, 1964) antzezpen eta musikarekiko atxikimendua. Hala ere, jardun profesionala ez zuen sekula ildo horretara bideratu, duela 11 urtera arte. Orduz geroztik lan ugaritan parte hartu du, eta hiru urte hauetan ezagun bihurtu da Goenkale telesailean duen rolagatik. Astelehen eta astearteetan Axun bihurtzen da, eta, lan horri esker, kaletik gelditzen dute. «Joan den asteburuan Azpeitian izan nintzen antzezlan bat ikusten, eta itzela izan zen. Jendeak kaletik gelditu, eta nirekin argazkiak atera nahi zituen. Zer nahiago nuen nik jendearen maitasun hori jasotzea baino?». Orain arte egindako lanaren onarpen gisa hartu zuen.

Goenkale-n daukazun pertsonaiak eman dizu ospea. Askok diote Maria Luisaren ondorengoa ere bazarela.

[Barreak] Hala da, bai. Biak dira emakume gogorrak, eta adin bertsukoak. Horregatik parekatuko dituzte agian. Nire pertsonaia, gainera, gero eta ezagunago bihurtzen ari da, eta hori kaletik noanean sumatzen dut, jendeak pertsonaiaren inguruan hitz egiten didalako.

Rol horrek eman dizu ospea, baina nondik datorkizu antzerkirako afizioa?

Etxean betitik egon da artearekiko sentsibilitatea. Aita Luis Larrinaga zen, eskultorea. Eta horrek eragina izan duela iruditzen zait.

Etxean bertan, beraz, babesa izan zenuen antzeztea erabaki zenuenean.

Nik etxean beti abestu dut. Eta amak, antzezten hasi behar nuela esan nionean, sekulako ilusioa hartu zuen. Ordura arte egiten aritu nintzen bestelako lanak alboratu egin nituen, eta, horretarako, amak beti babestu ninduen. Erabaki hori hartu nuenerako aita hilda zegoen, baina amak bai, hasieratik babestu ninduen. Nire antzezpen guztiak ikustera etortzen zen. Gogoan dut nire lehen lana ikustera etorri zenean negarrez ere hasi zela, baina ez antzezpenagatik, euskaraz aritu nintzelako baizik. «Ene! Zeinen ondo egiten duzun!», zioen behin eta berriro. Izan ere, nire gurasoen betiko ilusioa izan zen guk euskaraz hitz egiten ikas genezala. Hori dela eta, Koldo nire neba eta biok lehenengo ikastoletara joan ginen 60ko hamarkadan.

Zuek euskalduntzeko egindako saioaren malkoak ziren, orduan, zure amarenak.

Bai. Beti saiatu ziren gu euskal giroetan egon gintezen, izan mendi taldeetan edo bestelako taldeetan. Ikastola amaitu ostean euskaltegira sartu nintzen, nire oinarria hobetu nahi nuelako. Eta azkenean euskaraz hitz egiten amaitu dut. Are gehiago, antzerkiko nire lehenbiziko lana euskaraz izan zen. Eta, orain, Goenkale-n hiru urte daramatzat.

Esan duzu antzerkian hasi aurretik bestelako lan batzuetan ere aritu zinela.

Bai, hala da. Nik ordura arte lan txiki asko egin izan ditut. Nire nebak zuen zaharberritze tailerrean aritu nintzen, estilista gisa ere jardun nuen, eta taberna bat ere zabaldu nuen. Baina taberna oso lotua da, eta azkenerako utzi egin nuen. Antzezten hasi aurretik izan nuen azken lana Cafe Bilbaon izan zen.

Han Mikel Martinez aktorearekin egongo zinen. Eraginik izan zuen zure azken erabakian?

Erraztasun asko eman zizkidan, eta antzezpenen bat neukan guztietan malgua izaten saiatzen zen.

Azken lan hori duela 11 urte utzi zenuen. Orduan heldu zenion antzezpenari, baina zaletasuna lehenagotik etorriko zitzaizun, ala?

Bai, hori bai. Antzezpena betitik gustatu zait, baina ez nuen neure burua horretan ikusten. Antzezleak magikoak ziren irudipena nuen, baina gero jabetzen zara hori ez dela horrela, lan arrunt bat dela. Magia hori norberak eman behar dio. Behin ikuspegi hori apurtuta, antzezpena nire bidea zela ikusi nuen. Abestea ere betitik gustatu zait, eta, horregatik, antzerki musikalak egiten hasi nintzen.

Gustuko duzu genero hori.

Bai, izugarri. Musikal tailer batean egon nintzen Itziar Lazkano, Gurutze Beitia eta Maitane Zalduegirekin, eta hor hasi nintzen musikalak egiten. Egin genuen lehen lanarekin emanaldi asko eskaini genituen. Gorrentzako antzezlan bat zen, eta keinu hizkuntzan lan egin genuen. Hor ikusi nuen agertoki gainean zeinen pozik nengoen.

Musikal edo kabaretek tradizio handia izan dute Bilbon. Horrek eraginik izan zuen zuregan?

Ez dakit. Edonola ere, betitik gustatu izan zait kantatzea, eta hori antzezpenarekin lotzea naturala izan zen. Kabareta, gainera, indartsu dago oraindik ere Bilbon. Batzuetan Badulake tabernara ere joaten naiz, Fellinik ostegunero egiten duten emanaldian kantatzera.

Antzezpenak ez ezik, musikak ere garrantzi handia du zure ibilbidean. Musikaren inguruko pasio hori nondik datorkizu?

16 urte nituela, nire neba Andonik Madrilera eraman ninduen, eta han nire lehen musikala ikusi nuen: Evita. Hor zeuden Paloma San Basilio, Patxi Andion, eta Julio Catania. Nire lehen musikala izan zen, itzela. Halako antzoki handi bateko eserleku batean eseri nintzen lehenbizikoz. Orkestra handi bat ere bazeukan. Ez dut hura sekula ahaztuko. Lehen begiradako maitasuna izan zen. Arrazoi horregatik, ilobak leku guztietara eramaten ditut, ikus dezaten nola grabatzen diren telesailak eta halakoak.

Eta gustatzen zaie?

Bai, asko. Aurten ere, nire beste iloba bat institutura joan da, eta han dago Ylenia Baglietto aktorea, Goenkale-n Eiderrena egiten duena. Ikasturtearen amaieran antzerki emanaldi bat antolatu genuen: Grease musikala. Sekulako arrakasta izan zuen musikalak. Antzerkiak berrogei neska-mutil nola elkartzen dituen ikusi genuen. Denbora luzez elkarrekin egon ondoren, sekula ez zuten ezer batera egin. Musikal horrekin, ordea, denak batera jarri genituen, eta rolean erabat sartu ziren. Ikasgelan arazoak dituen mutil batek ere parte hartu zuen, eta musikalak erabat aldatu zuen haren izateko era. Hori egiteko gai baita antzerkia. Bizia aldatzeko gai delako, horregatik izan beharko luke derrigorrezko ikasgai antzerkiak.

Zuk 16 urterekin ikusi zenuen lehen musikala. Ordutik nola aldatu zizun bizimodua?

Sentsibilitatea garatzen laguntzen du. Nire kasuan horrela izan zen. Baina nik pena bat dut, lehenago ezin izan nuela ikasi antzezpena. Orain leku asko daude ikasteko, baina lehen ez hainbeste. Hala ere, beti aritu naiz abesbatzaren batean, kabareta egiten edo musikaletan.

Eta antzezten?

Ez, baina ezagutzen nauen jendea ez zen batere harritu antzezpena ikasi behar nuela esan nienean, beti aritzen bainaiz abesten edo dantzatzen. 2003an hasi nintzen Bilbao Eszenan ikasten, sekula ez baita berandu. Orain nire alde daukat gazte asko dagoela antzezpenean eta ezberdina naizela fisikoki eta baita antzezteko garaian ere. Profil ezberdinak ditut, eta gauza gehiago egin ditzaket. Naizena baino nagusiago eman dezaket, eta abestu ere egiten dut. Orain, esaterako, Arriaga antzokian kantatzeko hartu naute. Datorren urteko maiatzean La viuda alegre operetan kantatuko dut.

Zer sentitzen du bilbotar batek Arriagan kantatuko duela jakitean?

Itzela da. Lirikoki kantatuko dut, sopranoa ere banaiz eta. Ez daukat kontserbatorioko hezkuntzarik, baina nire etxe ondoan dagoen musika eskolan nabil.

Antzerkiaren egoera gordin dagoen garai honetan arnasa izango da hori zuretzat.

Egoera oso zaila dago, baina ni oraingoz ondo noa. Nire izateko era ere horrelakoa da: baikorra izan eta beti aurrera jo. Lan txiki ugari egiten aritu naiz han eta hemen. Esaterako, Bilboko Udalak birziklapenaren inguruko kanpaina bat egin zuen, eta Super Mentxu superheroia irudikatu nuen. Eta, halako rol txikien eraginez, apurka lanak sortu zaizkit, Goenkale-ra joan arte. Duela bi urtetik, nire lanetik bizi naiz. Eta horrela jarraituko dut, nire egoerak hobera bakarrik egin dezakeelako. [Barreak].

Arriagan kantatzeko gonbita ez ezik, aurtengo Bilboko inauterietan Zaranbolas pertsonaia irudikatzekoa ere egin zizuten.

Proposatu egin nindutela jakinarazteko deitu nindutenean sekulako poza sentitu nuen, eta are handiagoa hautatu nindutela esateko deitzean. Itzela izan zen. Jon Uriartek irudikatu zuen Farolin, eta pentsatu genuen Diego Lopez Harokoa eta Maria Lopez Harokoa bezala joan gintezkeela. Bilbainada bat ere kantatu nuen epaiketan. Pentsa dezakezunez, oso ongi pasatu nuen, nire saltsan nengoelako, lagunez inguratuta. Duela bi urte, epaile izateko deitu ninduten Farolin eta Zaranbolasen epaiketan, eta orduan ere oso ongi pasatu nuen. Baina aurtengoa berezia izan da.

Zaranbolas interpretatu ondoren, Arriagan kantatzera. Bilbotar ospetsu bihurtzen ari zarela esan daiteke?

Lehenagotik ere banintzen! [Barreak]. Bilbo asko maite dut nik, eta ez naiz aspertzen gure hiria oso polita dela esaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.