Jokin Oregi. 'Goenkale' antzezlaneko zuzendaria

«Antzerkiak 'Goenkale'-ri egin nahi izan dion omenaldia da antzezlan hau»

'Goenkale'-n gidoilari aritzeak telesaila barne-barnetik ezagutzeko aukera eman dio Jokin Oregiri. Orain, gidoilari ez ezik, zuzendari lanetan ere ibiliko da 'Goenkale' antzezlanean.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Eibar
2012ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Erronka bat izan da. Erronka izugarria. Baina beldur pixka bat ere pasatu du. Hemezortzi urteko historia duen telesail bat antzerkiratzeak ematen duen beldurra da. Errespetua. Barne-barnetik, gertu-gertutik ezagutzen du aspaldidanik Goenkale Jokin Oregik (Soraluze, Gipuzkoa, 1970), bertan aritu baita azken urteetan gidoilari. Orain, gidoia bakarrik ez, antzerkia bera zuzentzea ere tokatu zaio. Ez da halako zerbait egiten duen lehen aldia, baina Goenkale-k berez du pisua eta historia. Horregatik, horrek are bereziago egin du haren lana.

Zer dela-eta antzerki hau, hemezortzi urteko telesailaren ondoren?

Badira urte batzuk ildo bat hartu duela Pausokak. Vaya Semanita-rekin egin zuen antzerkirako lehen proposamen bat, eta orain Goenkale-rekin egin du gauza bera. Hori testuinguru batean jarri behar da. Izan ere, iaz hemezortzi urte bete zituen Goenkale-k, eta urte horiek guztiak ospatzeko eta gauza berezi bat egiteko pentsatu zen antzerki hau egitea. Batez ere, jendeari hurbiltzeko egin da, zuzenean nola antzezten duten ikus dezaten.

Nola egin duzu hemezortzi urte ordubete eta eskasean laburbiltzeko?

Goenkale ordu eta hogei minutuko antzezlan batean sartzea ezinezkoa da. Gainera 500 eta 1000 kapitulu egin zituenean saioak, telesailari eskainitako programa bereziak egin zituzten telebistan. Kasu honetan ezberdina da. Fikziozko antzezlan bat egitea zen helburua. Horregatik erabaki nuen sei aktore hartu, eta halako antzezlan goxo bat egitea. Eta aktore baino gehiago, pertsonaiak direla esango nuke.

Jendea Goenkale ikustera badator, ez du Goenkale ikusiko. Goenkale-ren tonua pixka bat antzerkiratuta ikusiko du, Goenkale-n lantzen diren istorioak ikusiko ditu, maitasun istorioak, intriga... Eta gero, jakina, aktoreak, telebistan egunero ikusi dituzten pertsonaia horiek zuzenean antzezten ikusiko dituzte.

Telesaileko zein baliotan oinarritu zara?

Umorea, poliziak… denetik du. Gainera, keinu bat egin nahi izan diogu misterio eta halako intrigazko antzerkiari. Agatha Christie kutsu bat ikusi ahal du norbaitek. Gainera, kasu honetan, Poirotik ez dago, baina baditugu Andoni Murua eta Ibon, beteranoa bat eta gaztea bestea. Biak obra berean sartzea intrigazko antzerki batean nahiko berria dela esango nuke.

Antzezlan honen bidea hasi besterik ez da egin, baina ba al duzue bigarren zatiren bat egiteko asmorik?

Ez, printzipioz ez. Antzerki hau bere horretan egindako zerbait da. Egia da Goenkale-ren formula honek bidea ematen duela nahi beste obra egiteko, ez delako istoriorik ixten. Paraleloki egindako zerbait da, eta Arralde ere aipatzen da. Gainera, esan beharra dago, Goenkale zaleei keinu bat egingo zaiela antzezlan honetan. Urteetan telesailean argitu ez den sekretu bat argituko da.

Sei pertsonaia dira antzezlan honetako protagonistak. Ez al zaizu gutxiegi direnik iruditzen? Izan ere, jarraitzaile bakoitzak badu beti bere gustuko norbait.

Goenkale-ren aro bakoitzean egon da aktore handiren bat, eta ni seguru nago ikustera etorriko den jendea horren bila etorriko dela. Gazteak zein helduak. Denen gustukoa egitea zaila da, halere; oso zaila. Gure helburua da jendeak antzerkia ikusi eta irribarre batekin ateratzea. Hori lortzen badugu, mesede egingo diogu telesailari.

Esango zenuke antzerkiak telesailari egin nahi izan dion omenalditxo bat dela antzezlan hau?

Hala da. Hemezortzi urte telebistan bete eta gero, antzerkiak egin behar zion Goenkale-ri horrelako zerbait.

Ibilbide luzeko zuzendaria izanda, zer esan nahi izan du halako historia duen telesail bat antzerkian zuzentzeak?

Nik, berez, Goenkale-n gidoi taldean egiten dut lan aspalditik, eta, beraz, ezagutzen dut telesaila bera barrutik. Erronka izugarria izan da, baina halako beldurra ere sentitu dut. Aldi berean, antzerki munduan ere ibiltzen naiz, eta, hortaz, nire bi munduak lan honekin lotu egin dira.

Badakit agian batzuek, Goenkale zale direnek batez ere, nahiago izango zutela beste gauza bat ikusi. Edo ez dakit, zalantza handiak ditut. Gu saiatu gara ahalik eta txukunen lan egiten, ahalik eta profesionalen. Nik antzerkigintzan eskatzen dudan maila lortu dugula uste dut. Alde horretatik, pozarren nago. Goenkale maite dut, baina baita antzerkia ere, asko. Telebistak egiten duen bezala, gu ere ahalik eta publiko zabalenera iristen ahalegindu gara.

Antzerkia oraindik ikusi ez duenarentzat, nolako antzekotasunak eta ezberdintasunak ditu telesailarekin alderatuta?

Ezberdintasun handiak ditu. Antzerkia antzerkia da, eta telebista telebista da. Mundu horiek banatzen jakin behar da. Goenkale ikusi nahi duenak har dezala telebista, eta ikus dezala telesaila. Antzerkia ikustera datorrenak, ordea, antzerki obra bat ikusiko du. Antzezpena eta jokatzeko modua zeharo ezberdinak dira batean zein bestean. Telebistan, beharbada, naturalagoa edo errealagoa da, baina antzerkian beti besaulki guztietako jendeak jarraitzeko ozen egin behar da, keinuak ere zabalago egin behar dira… Alde horretatik, istorio honek beste norabide bat dauka. Hemen ez luke funtzionatuko telesailean egiten denak, eta telesailean ere ez hemen egiten denak. Horregatik moldatu dugu istorioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.