Ezarian. Sagardoa

Antzinako dolareen espiritua

Orain hamar urte eraberritu zutenetik, XVI. mendeko dolareen eredu fidela da Igartubeiti. Sagardoaren Astearen harira, hainbat ekitaldi antolatu dituzte.

Mendeetako ohitura berreskuratuz, Jo ala Jo elkarteko kideak kirikoketa erritmoa jarraituta zanpatzen ari dira Igartubeitiko Sagarraren Astean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
2011ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Leku berezia da Igartubeiti baserria (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa). Antzinako baserrien oihartzun galduaren oroigarria da, nolabait. Orain dela hogei urte etorkizunik ez zuen dolarearen paretei bizia darie orain. Gipuzkoako Foru Aldundiak etxea erosi, eta hura guztiz eraberritzeaz amaitu zuenetik hamar urte bete dira aurten. Usadio zaharren berreskuratzea are biziagoa da aste honetan. Sagardoaren Astearen hamargarren edizioa dela eta, ekitaldi andana antolatu dituzte.

Iraganera jauzi egitea da Igartubeitira egunotan bidaiatzea. Bisitariek orain dela 500 urteko baserri batekin egiten dute topo, eta ekitaldiak ere orduan egiten zirenen antzekoak dira. Egunero antolatu dituzte sagar zanpaketak. Gaurko, egitarau oparoagoa prestatu dute. 11:30ean antzezpena egingo dute, eta ordu erdi beranduago kirikoketa hasiko da. Arratsaldean ere antzezpena eta kirikoketa egingo dituzte. Erakustaldi horietarako 150 kilogramo sagar erabiliko dituzte.

Arizkungo (Nafarroa) Jo ala Jo elkarteak egiten ditu kirikoketok. Zuhaitz Akizu Igartubeitiko gidarietako batek azaldu duen bezala, «txalapartaren antzekoa da kirikoketa». Sagar jotze lanek luze irauten zuten antzina, eta horiek arintzeko «musika erritmoa» zen. Sagarrak txikitzeko, pisoiekin kolpeak erritmo zehatz batekin emanda egiten zuten lana. Txalapartarekin duen antzekotasuna ikusita, Akizuren ustez, «baliteke kirikoketa Arizkun inguruko izena izatea, eta txalaparta beste toki batekoa».

Zanpaketaz eta kirikoketaz gain antzezpenak, bertsolariak, albokariak eta trikitilariak egongo dira gunea girotzeko. Bisitarien parte hartzea sustatzeko bi lehiaketa antolatu dituzte: argazki eta errezetena. Aurtengo Sagardoaren Astea etzi amaituko da.

Edonork bisitatu dezake Igartubeiti baserri-museoa, haurrek zein adinduek. Haurrei jolas bidez erakusten diete dolarearen funtzionamendua, eta baratzeko produktuekin eta animalien bitartez gerturatzen dira ingurumenera. Agureentzat ere berezia izaten da bisita. «Izugarri gozatzen dute» aitortu du Akizuk, «beren gaztarora itzuli ahal izatea bezala da».

Unibertsitateko hainbat ikaslek ere ikerketak egin izan dituzte bertan: «Arkitekturako ikasleek lanak egin izan dituzte; antropologiako ikasleak ere interesatu dira». Bisitari gehienak gipuzkoarrak diren arren, kanpotarrek ere ikusi izan dute dolarea. «Izugarrizko sorpresa» jaso ohi dutela azaldu du Akizuk.

Txabola, baserriaren azpian

Etorkizun iluna zuen Igartubeitik duela ez asko. Jabeek baserria bota eta berri bat ezerezetik eraiki nahi zuten. Foru Aldundiak, baina, trabak jartzen zizkien baserritarrei. Igartubeiti bezalako baserriak ondare kulturala dira, eta hainbat legek babesten dituzte; ezin dira besterik gabe bota eta txikitu. Azkenean, Aldundiak erosi zuen eraikina, eta hura ikertzeko aukera egokia ikusi zuen. «500 urtetan egin zen baserria, bospasei urtetan desegin zuten, piezaz pieza».

Ikerketa lan sakona egin zuten pieza bakoitzarekin —noiz moztu ziren egurrak, zenbat denboran lehortu ziren, egur horien erabilera...—. Lan horietan zeudenek sorpresa handia jaso zuten baserriaren azpian txabola baten arrastoak aurkitu zituztenean. Orain arteko ikerkuntzek ez dute argitu etxola XV. mendekoa edo aurrekoa den, baina XVI. mendeko baserrien aurretik, nekazariak txabola multzoetan elkartzen zirela argitu du. Etorkizunean Euskal Herrian egin daitezkeen indusketek azalduko dute etxola horiek sistematikoki erabiltzen ziren edo ez.

Igartubeiti den arren ospe handiena duen dolarea, gaur egun «400 bat kontserbatzen» direla jakinarazi du Akizuk; horietako ia denak egoera okerragoan. Museoko gidariaren arabera «leku askotan» ikus daitezke «bi gailur edo bi pilare».

Argi dago baina ez dela maiz ikusten XVI. mendeko dolare bat martxan. Ezkio-Itsasoko Yartu kultur elkarteak kontrolatzen du mekanismoa. Hamar urtez dolarea erabiltzen egon eta gero, jada «neurria hartu» diotela azaldu du irribarrez Akizuk. Ez dirudi erraza izan behar duenik, dolareak hamabost bat tonako indarra egin dezakeelako.

Baserri bizi baten itxura eman nahi izan diote Igartubeitiri, eta «bizia daukan baserri baten itxura izan dezan», mantentze lanak egitea beharrezkoa da. Batetik egurra eta egitura egoera onean mantentzen dituzte. Horrez gain, baratze baten bidez «bizi itxura» eman nahi izan diote.

Baserria mantentzeaz gain, «ohiturak mantentzearen» garrantzia nabarmendu du Akizuk. «Orain dela 500 urteko biziaren bertsioa egiten ari gara gaur egun, hori galdu genuelako. Ez da 500 urtetako ohiturarik mantendu, horri balioa ematen ari gara». XX. mendean baserri mundua alboraturik geratu dela uste du: «Orain gutxi arte jendeak lotsa sentitu izan du baserri bizimodu horren inguruan, garai hartan baserritar esatea irain ere bihurtu zen ia». Gaur egun pentsaera hori aldatzeko bidean gaudela pentsatzen du.

Interpretazio zentroa

Aldundiak ahalik eta era fidelenean zaharberritu zuen Igartubeiti. Horregatik, ez dago panel informatiborik edo antzekorik bertan. Ahultasun hori sendotzera aldera ireki zuten 2007an interpretazio zentroa. Baserrian detaile guztiak zaindu diren bezala, interpretazio zentroan, teknologia berrien bidez, orain 500 urteko bizia azaltzen laguntzen dute.

Zalantzarik gabe dolarea da Igartubeitiko ikurra. Baina, baserritarrak han bizi zirenean artoa ere lehortzen zen. Akizuk dioenez, «eraikinaren fatxada nagusia hegoaldera begira dago, eta berotegi efektua egiten du. Kuriosoa da zenbat nabaritzen den sukaldetik lehen solairura dagoen tenperatura aldaketa; nahita egindako aldaketa». Horren harira eraikuntza bioklimatikoen inguruko tailerrak ematen dituzte Igartubeitin. Halere, dolarea fatxada baino «erakargarriagoa» dela adierazi du Akizuk, pieza mugikorra izanik,«estrukturalki ikaragarriagoa» delako. Horregatik, museoko kudeatzaileek ez dute oraingoz artoaren erabileraren inguruko ekimenik antolatu. Akizuk, baina, ez du baztertu nahi etorkizunean auzolanean arto bilketaren bat sustatzea.

Ezpal zaharreko sagardoa

Aste honetan zanpatutako sagarrekin sagardoa egiteko asmoa dute Igartubeitikoek. «Ikaragarrizko zukurik ezin dugu atera. Haize beroarekin eta oxigenoarekin pikatzen hasten da zukua, eta ezin dugu mekanismoa gelditu hego haizea datorrelako, zanpaketarekin jarraitu behar dugu». Zailtasunei aurre eginda, «sagardo gozoa» atera izan dutela dio Igartubeitiko gidariak.

Gaur egun egiten diren sagardoen estandarizazioetatik kanpoko sagardoa egiten dute: «gehigarri gabe, beste modu bateko sagardoa». Akizuren ustez, egiten duten sagardoa «arkeologia esperimental» modukoa da, XVI. mendean egiten ziren edarietatik gertuago daudelako. «Ziurrenik marinelentzat balore gehiago edukiko zuen guk [Igartubeitin] egiten dugun sagardoak, C bitamina nahi izaten zutelako, eta ez guk gaur egun alkohola bezala ulertzen dugun sagardo hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.