Euskal Herriko txokoak. Bergara

Antzinako eliteen aterpe

Ondare historiko aberatsa biltzen du hiriguneak. Goenkale, Artekale eta Barrenkale alde zaharra ezagutzeko ezinbesteko bideak dira.

Maite Alustiza.
2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Bergarako (Gipuzkoa) dorretxe ezagunenetako batean jaio zen, Olaso dorrean, hain zuzen. Telesforo Monzon idazle, politikari eta euskaltzainaren jaiotetxea da, Monzon dorrea bezala ere ezagutzen dena. Aurten hogeita hamar urte bete dira hil zenetik. XVI. mendean noble, merkatari aberats eta jauntxo ugari bildu zituen Bergarak, eta haren familiak ere herrian eraiki zuen gotorlekua.

Bergarako hirigune historikoko eraikin bat gehiago da Olaso dorrea. Asko baitira herriko alde zaharra osatzen duten antzinako eraikin ikusgarriak. Gehienek funtzio militarra izan zuten; dena den, hiribilduak zeukan ahalmenaren erakusgarri ere baziren. Ariznoa plazan dago Olaso dorrea, epaitegiarekin eta San Pedro elizarekin batera. Hiriguneko hainbat kalek bat egiten dute han; horien artean, Goenkale eta Artekale daude. Barrenkalerekin batera, Bergarako alde zaharra ezagutzeko nahitaezko hirukotea osatzen dute. Hiriguneko kale nagusien artetik Goenkale da zaharrena. Zaharrena eta txikiena, baina ez horregatik xarma gutxien duena. Artekale, berriz, sortu eta denbora gutxira handitu behar izan zuten, Errege Bidea handik igarotzen zelako.

Ariznoa plazaren inguruan aurkitu daitezke biak, eta, ingurutik buelta bat eman ondoren, San Pedro kalea hartzea aukera ona litzateke. Bidean aurrera, Bidegurutzeta kaletik Agirreko San Martin plaza bistaratzen da. Errenazimentuko eta Erdi Aroko eraikinak antzinako eliteak herrian zuen boterearen isla dira. Udaletxea, Errege mintegia, Jauregi etxea eta Ondartza etxea biltzen dira plazaren inguruan. San Martin egunean azoka antolatzen dute bergarrarek han. Gaur ere azoka eguna dute; Erramu Zapatuko azoka prestatu dute herriko hainbat txokotan. Dena den, herriko festa nagusiak Pentekoste jaiak dira, eta Pazko Egunetik 49 egunera ospatzen dituzte urtero. Jaietan nahiz egunerokoan, dastatu gabe utzi ezin diren gozoak ezagunak dira Bergaran: errellenoak eta tostoiak. Plaza atzean utzi eta Barrenkalera iritsi ondoren, herriko beste zenbait txoko interesgarri aurki daitezke alde zaharretik kanpo. Oxirondoko Santa Marina elizara helduko da bisitaria Irizar pasealekua hartuta. Bergarako izen bereko auzoan dago, Deba ibaiaren beste aldean. Lantegiak biltzen ziren garai batean ibaiaren ertzean. Merkataritza gune garrantzitsua izan zen, eta oihalgintzak kolorea ekarri zion Bergarari. Herrian lantzen ziren mahoizko galtzen koloreak Bergara urdina izena hartu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.