Antzoki barruko kale bazterrak

Etzi egingo dute Break on Stage kale kulturaren jaialdia, Bilbon. La Bandha del Patio rap taldea, Martxel Arribillaga BMX txirrindularia eta Golden Konexioneko hip hop dantzariak egongo dira.

Martxel Arribillaga Berako txirrindularia akrobaziak egiten, larunbatean BMX erakustaldian parte hartuko du. MARTXEL ARRIBILLAGA.
K Saioa Alkaiza(h)
Donostia
2015eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Kalea dute sorleku breakdance-ak, skateak eta hip hopak. Asfaltoan ernaltzen eta loratzen dira. Ez dira hargatik kale kultura izendapenean sartzen. Bilbon, baina, asmatu dute hiriaren bihotzean sortutako arte adierazpen horiek batzen eta oholtza gainera eramaten: Break on Stage jaialdian, makina bat talde elkartuko dute etzi, Bilbo Arena kirol jauregian. Agertokiko breakdance-a, kale dantzaren lehiaketa, Scooter motorren erakustaldia, Skate emankizuna, BMX estilo librearen saioa... Batutako diziplinak bezain aberatsa da egitaraua. Martxel Arribillaga BMX txirrindularia, La Bandha del Patio musika taldea eta Golden Konexion dantza taldea dira bertan izango direnetako batzuk.

IMANOL GARCIA La Bandha del Patio

«Hip hopa punka bezain errebeldea eta rocka bezain indartsua da»

Hamasei urte baino ez zituenean hasi zen Imanol Garcia (Bilbo, 1983) hip hop maketak entzuten, zinta formatuan. Eta liluratuta geratu zen. «Hip hop punka bezain errebeldea eta rocka bezain indartsua da, baina, aldi berean, beste zer edo zer». Esperientziaren talaiatik egin du solas orain. Izan ere, nerabezaroan Negu Gorriak eta Public Enemy aditzen zuen mutikoak, rapera pasatu, eta 11 urte daramatza jada oholtza gainean. La Bandha del Patio taldeko bi abeslarietako bat da, 73 Bravo izenordearekin. Haren ondoan ibiltzen da Javi Vidal Suprah. «Abeslariak baino gehiago, rap kantariak gara», aldarrikatu du Garciak, errima oinarri duen estiloaren berezko sena gogoan. Etzi, iluntze aldera taularatuko dira kale kulturaren jaialdian. Gorriz markatutako data da haien egutegian. «Hip hoparen inguruan Euskal Herrian egiten den ekintzarik ikusgarriena da». Horregatik, badakite jakin zein jarrerarekin hartuko dioten pultsua espektakuluari: «Oholtzan emango dugun energiarekin emankizun oldarkorra eskainiko dugu!», ziurtatu du.

Ez da harritzekoa taldekideen grina; bide malkartsua egin behar izan dute-eta hasi zirenetik. 2004an konkistatu zuten aurreneko plaza, eta ez edonon, gainera: Bilboko Kafe Antzokian. Geroztik, ordea, gorabeherak izan dituzte. «Mantso antzera joan da dena, plaza gutxi, geldialdiak...». Haatik, segitu segitu dute, tinko eta gogotsu. Hala, 2011 izeneko diskoa atera zuten, urte horretan bertan. Autoekoitzitako lana da. «Produktuaren gaineko askatasun osoa ematen dizu dena zuk zeuk egiteak, baina lan handia da, eta mantsoa: hitzak idatzi, kantak sortu, kopiak egin...». Nekeza izanagatik ere, kontent daude emaitzarekin. Pausoz pauso aurrera doazelakoan dago Garcia. Eta datuek arrazoia ematen diote: Bilbon denbora gehien daraman rap taldeetako bat da haiena.

Orain, disko berriarekin dabiltza bueltan, eta aurten kaleratu nahiko lukete. Break on Stagen horren atariko bat emango dute, opari bat zaleentzat: zenbait abesti berri. Hori bai, betiko estiloari uko egin gabe: «Deserosoak diren gai horiek lantzen segituko dugu, hip hoparen munduan askorentzat tabua diren arlo horiek jorratzen. Soinuan, berriz, eboluzio handia dago». Poliziaren bortizkeria, gerrak, musika independentea... Horiek dira piezetan gogora ekarri ohi dituzten errealitateetako batzuk.

Orain, jaialdiaren atarian, eta obra berria gorpuzten, itxaropentsu ikusten du Garciak hip hoparen etorkizuna: «Orain arte sekula eduki gabeko maila dauka gaur egun Euskal Herrian. Harrobi itzela dago».

PAULA BUJANDA Golden Konexioneko entrenatzailea

«Dantza goraka doa, eta are gehiago zabaldu behar da»

Bigarren egin zuen iaz Irungo (Gipuzkoa) Golden Konexion taldeak Break on Stage jaialdiko hip hop atalean. Ezustean harrapatu zituen garaipenak dantzariak. «Profesionalki nire bizitzako egunik zoragarriena izan zen. Gure ametsa zen, eta ia-ia zorabiatu egin nintzen gure izena esan zutenean». Hitzok egin ditu Paula Bujanda (Hondarribia, Gipuzkoa, 1979) taldeko entrenatzaile eta Pausoka Dance Studioko irakasleak, hunkituta. Urteetako lanaren saria izan zen orduko garaikurra. Aurten, berriz ere parte hartuko du lehiaketan hark gidatzen duen taldeak, eta edozertarako dago prest: «Gozatzera goaz. Joaten diren taldeak oso onak dira, eta, beraz, oso zaila da. Baina zer edo zer irabazten badugu, oso ondo!». Kategoriakoa da, haren aburuz, tokia: «Agertokia zoragarria da, eta eguna bera ikaragarria».

Orain dela sei bat urte hasi ziren lehiatzen. Bederatzi neska eta mutil bat da Bujandaren agindupean dagoen hamarrekoa. Txera bereziz prestatu dute larunbateko emanaldia: «Michael Jacksonen kanta batekin hasiko gara, retro estiloko pieza batekin. 1980ko hamarkada oroitarazten du musikak, Old School-eko garaia, alegia».

Ikuskizun ona emateko asmoz, aspaldi hasi ziren lanean. Aste tartez dantza eskolak jasotzen dituzte taldeko kideek, eta asteburuetan talde entrenamendua izaten dute. «Irailean hasten gara entrenatzen, eta jo eta ke ibiltzen gara. Hasierako hiru hilabetean koreografiak ikasten pasatzen ditugu. Gainera, musika bilatu behar dugu, ikuskizuna prestatu, originalak izan... Eta dena eginda dagoenean, praktikatu, praktikatu eta praktikatu. Ez dago besterik». Bujandak jada ez du dantza egiten taldearekin batera, baina buru-belarri dabil gazteak puntu-puntuan eta sasoiko egon daitezen.

Nerbioak airean, atzera begira jarri da entrenatzailea. «Orain dela sei urte ia gu bakarrik ibiltzen ginen honetan. Eta orain, talde pila bat dago: Donostian, bost edo sei; Bilbon ere asko... Azkeneko bi urteetan izugarri handitu da hip hop mundua». Garapena. Horixe nabarmendu du, eta gogobeteta dago, ongi egindako lanaren emaitza delakoan.

Nolanahi ere, ekinean jarraitu behar dute. Horixe ziurtatu du. Dioenez, beharrezkoa baita Break on Stage bezalako egun bat muntatzea: gazteriari begira, batez ere. «Osasunari dagokionez, dantza oso positiboa da; horrela, mundu hau ezagutuko dute».

New Yorken, Bartzelonan eta Bilbon ikasitako irakasleak argi dauka: «Dantza goraka doa, eta are gehiago zabaldu behar da».

MARTXEL ARRIBILLAGA BMX txirrindularia

«Niregatik balitz, astebururo eginen nuke halako jaialdi bat»

Bizikletari lotuta bizi da ia Martxel Arribillaga (Bera, Nafarroa, 1993). Espainiako BMX txapelketa irabazi du bitan, munduko 50 txirrindulari onenen artean dago, eta Euskal Herrian profesionaletan aritzen den bakarra da. Asteburuan, Bilbon izango da, Daniel Peñafiel eta Miguel Semsekin batera. «Jaialdian parte hartzen dudan hirugarren urtea izanen da. Normalean hamar metroko saltoak egiten ditut, eta hor salto txikiagoak egiten dira. Nahiago ditut salto luzeak, baina Break on Stagen jendeak ikusten gaitu eta gozatzen du».

Txikitan hasi zen bi gurpilen gainean; jaioterrian bertan. Zortzi urterekin BMX egiten zuen pertsona bat ikusi eta harra ernatu zitzaion. Bederatzi urte betetzearekin batera, bizikleta oparitu zion osabak, eta horrek gogoa hauspotu baino ez zion egin. «Eta gero, konturatu nintzenerako, lehiatzen ari nintzen!», esan du, umoretsu.

Costa Rica, Frantzia, Herrialde Katalanak... Horiek dira kirolari esker azken urtean bisitatu izan dituen tokietako batzuk. Izan ere, FMB World Tour zirkuituaren barruan dago, eta horrek ate asko ireki dizkio. Ez zen, ordea, gorenean hasi: Igantzi (Nafarroa) izan zen haren lehen plaza, bertan eman zituen lehenbiziko jauziak, 14 urte zituela. Baina asko aldatu dira gauzak. «Ez pentsa, hala ere, diru askorik ematen duenik, e!», adierazi du, txantxetan.

Gogor egin du lan egun dagoen tokira iristeko. Bost alditan irteten da astero bizikletarekin; horrez gain, gimnasiora joaten da maiz. «Kirol garestia da hau. Babesleei esker nago hemen, eta hori gabe ez dakit segitu ahalko nukeen».

Arduratuta ere badago: okerrera egin du BMXren osasunak. «Duela hiru urte free style-ak nonahi baziren; orain, krisia ailegatu da kirol honetara». Ondorioz, arnasa berria dira Break on Stage bezalako egunak: «Niregatik baldin bazen, astebururo eginen nuke halako jaialdi bat».

Bitartean, akrobaziak egiten jarraituko du: «Nahi dudana da minarik hartu gabe kirol hau praktikatzen segitu. Bizikletak ematen didana bizitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.