XVII. mendearen hasieran, azal zuriko neskatxa bat Mi'kmaq buruzagi handi batekin ezkondu zen indiar erara, gaur egun Kanadako lurralderik turistikoenetakoa den Prince Edward deritzon uhartean. Emakume horri Belle Maria esaten zioten, bere edertasunarengatik. Belle Maria mi'kmaqtarrekin bizi zela, berehala hartu zuen amerindiarren sendabelarren eta natur baliabideen ezagutza. Hainbat gaixotasun sendatzeko trebezia zuen. Tribuko gizonak arrantzara ateratzen zirenean, Belle Maria beraiekin joaten zen eta bere ahots eztiaz kantuan hasten zenean,arrainak erakartzen zituen mi'kmaqtarren inguruotara. Bella Mariaren izena berehala inguruan zabaldu eta frantziar erregearen gudarosteen belarrietara heldu zen. Hauek emakume eder hark hartutako sona ezagututa eta atxikitzen zitzaizkion botereen berri izanik, preso atzeman eta Prince Edouard uharteko hegoaldeko hondartza batean erre zuten. Mi'kmaqtarren ahozko tradizioan zein euren liburu sakratu batean hieroglifikoen bidez kontatzen den istorioaren arabera, Belle Marie emakume euskalduna zen.
John Joe Shark Prince Edward uharteko mi´kmaqtarren buruzagi espirituala da, eta ONU erakundearen eta Vatikanoaren aurrean duten ordezkaria. Bere etxean hartu gaitu, eta etxea inguratzen duen zelai zabalean eraikitako wigwanera eraman gaitu bilera egiteko. Wigwana Ipar Amerikako indiarren ohiko tipiaren mi'kmaq bertsioa da. Gainerako nazioek tipia oihalez egiten badute ere, mi`kmaqtarrek urki azalez egin izan dute beti. Handia da, dozena bat lagun etzanda hartzeko modukoa. Berak kontatu digu Belle Maria euskal neskatxaren istorioa, eta kondaira ala egia den galdetuta, egia dela dio. Ahozko literatur tradizioak berarekin duen zalantzaren muga horien artekoa izaten da beti, kondaira ala egia. Bietatik behar du pixka bat.
Mi'kmaqtarrek euskaldunen nabigaziorako abileziaren berri badakitela esan digu. Bertako natiboekin batera, lanbro artean nabigatzen hobekien moldatzen zirenak omen, XV, XVI eta XVII. mendeetako euskal marinel haiek. Garaiko dokumentuetan idatzita dago, mi'kmaqtarrek Beothukaren moduko euskal baleontzien txalupetan nabigatzen zutela. Euskaldunek bertan uzten zituzten sarri txalupok, baleontziak Euskal Herriko portuetara balearen koipeaz erabat zamatuta itzuli ahal izateko. Champlainek XVII. mendeko bere esplorazioetako kronika batean dio nola Maineko (AEB) kostalde aurrean begiztatu zituen mi'ikmaqtar batzuk «biscayensi» txalupa batean nabigatzen. Mi'kmaqtarrek atzerriko flotei lapurtutako galeoiak gidatzen jakin bazekitela esan digu, euskaldunei ikasita.
Mi'kmaqtarrak berrogei mila inguru dira gaur egun eta Kanadako Gaspesi, New Bronswick, Prince Edward uhartea, Eskozia Berria eta Ternuako lurraldeetan bizi dira. Kjielagawit jainkoak «pudup»a, balea jarraitu zuen eta hark arnasa non botatzen zuen, leku hura hautatzen zuen mi´kmaqen kokalekutzat, lekurik ederrenak hain zuzen ere. Hamar mila urte daramatzate lur hauetan eta duela ez askora arte herri ibiltaria izan da, urtaroen eta ehizaldien sasoien arabera mugitu izan dena. Nazioa dira, baina euren kontzeptua ez dago lurraldetasun egitura bati lotua. Kanoen herria ere esaten zaie. Gaur egun, biztanleriaren ehuneko hamabostek baino ez daki euren hizkuntza mintzatzen, zenbait lurraldetan eskoletan ikasten hasi badira ere. Berrehun urtetan euskarak eta mi'kmaqerak bat egin zuten lur hauetan, pindgle hizkuntza bat sortu zen, bien arteko nahasketa bat, merkataritza harremanetarako. Mi'kmaqtarrek euskaraz egiten zieten hurbiltzen zitzaien azal zuriko orori «anaia», «adiskidia», «Oreina»...eta tankerako hitzak erabiliaz. Bitxia da gaur egun hori jakitea, mi'kmaqek europar guztiei euskaraz egiten zietela, gaur egun arriskuan gauden bi hizkuntza gutxitu garenak noizbait bat egin genuela, gure etorkizun latzaren susmorik ez genuenean... Joe Shark buruzagiari berari ere elkarrizketaren amaieran euskaldunei mi'kmaqeraz hitz batzuk esateko eskatu diogunean, ezkutatzen saiatu den arren, lau hitz baino ez dakizkiela antzeman diogu. Hasieran harrigarria iruditu zaigu, baina errazegi juzkatu aurretik, gurean zenbat buruzagirekin gertatzen den hori gogoratu gara.
HAU EZ DA HOLLYWOOD. Hollywoodek gure gizartean ezarri duen Ipar Amerikako indiarren irudi oro har nardagarri eta interesatuaren eraginez, beti pentsatu izan dugu indiarrek kolonoen buruko ilajea trofeotzat zutela. Ez da gezurra. Ordea, John Joe Shark buruzagiak azaldu digu, ingelesek ordaindu egiten zutela erahildako amerindiar bakoitzeko, eta nola ordainketarako frogatzat indiarren buruko ilea erabiltzen zen. Inork ikusi al du John Wayne indiarrei ilajeak mozten zoro bat bezala? Hara filmaren bertsio originala.
Gaur egun ere mi'kmaqek pairatzen dituzte erasoak, New Bronswicken esaterako, duela gutxi mi'kmaq arrantzaleen bi ontzi erre dituzte, amerindiarrek gobernuarekin sinatutako diskriminazio positibozko neurriek gainerako arrantzaleengan eragindako haserrearen ondorioz. Jhon Joeri ere behin baino gehiagotan erre dizkiote etxe inguruan eraiki izan dituen indiar sinboloak. Montrealen izan ginenean ere jakin genuen kalean dabiltzan homeless asko bertako amerindiarrak direla. Kanadako zenbait eremutan mohawk gazteak, irokiarrak eta beste kalera ateratzen hasita omen daude, eskubide eske. Beste film bat da, klasiko baten bertsio eguneratua...
ATOIAN. Bidaia honetan Kanadako bost itsas lurraldeak ukituko ditugu, garai bateko Nouvell Biscayeko lurraldea. Ordea, aspaldian ez gabiltza oso zorte oneko haizeari dagokionez eta bere laguntzarik gabe ez dago aurrera egiterik San Lorenzoko golkoko korronte eta olatuen aurka. Ez daukagu itxaronalditarako denborarik, erlojuaren aurkako lasterketan gaude. Txalupa Montrealera bost egun berandu iritsi izanak eta aurkako baldintzek erabat murriztu digute aurreikusitako egun galduen tartea. Espedizioak amaiera egun eta portu jakina du: uztailaren hamabosta, Red Bay. Alegia, espedizioa ez dago helmugara iristeko behar besteko denbora hartzeko pentsatua. Gailurra egin beharra dago, baina bideak du garrantzia. Horrek guztiak eraman gaitu Gaspesitik Prince Edwarderako jauzia atoian egitera. Ez da erabaki erraza izan, baina ez dago beste modurik bisitatu nahi ditugun leku guztiak bisitatuz nabigatu nahi badugu. Atoian joatea ez da pentsa litekeen bezain atsegina. Horrek esan nahi du olatuen aurka ohikoa dena baino abiadura handiagoan joatea, txalupa barnean kokoriko, barrura sartzen diren olatu adatsek blaituta, ontzi errari antzera. Baleak arpoiaren sokatik txalupari tiratzeak zuen epikarik gabe, ordea. Horrela heldu gara Miscoutik Prince Edward uharte handira. Tartean, Lennox Island, uharte handiaren barruan dagoen uharte txikietako bat ezagutzeko plazera izan dugu.
LENNOX ISLAND (I 46&fraq14; 37' 41'' - M 63 52' 22''). Sarrera bitxia izan da, harrigarria. Inork ez genuen horrelakorik ikusi: Itsasotik, hondar zuriko hondartza luzeak zabalera estuko berezko irekidura bat du, sarrera bat, uharte txikirantz. Barrura sartu gara eta, ezker-eskuin, itsas beherak azaleratutako hondar gune isolatuen eta padura berdeen artean goaz, sakonera eskaseko ur labirintoan barrena, itsas ur eta belar mosaiko fantasiazkoan. Itsasoak badaki ez zaiola zilegi arratsalde hontako edertasun hauskorra haustea eta olatutxo adats kizkur zuritxoak baino ez ditu bidaltzen, hondar guneetara jolastera. Labirintoetan dotorezia tentean paseatuz, hegazti lepamehe eta hankaluzeak hara eta hona dabiltza, pauso jasoan, kontuz-kontuz, lepoa eta hankak mugimendu akonpasatuan. Atzerago, uhartearen ur ertzeraino iristen da pinudi baso itxia, tartean oraindik erortzera etsi ez duten zuhaitz enbor idor eta zuriak. Ez dago Renoirik ez Monetik itsasbehera hori asma lezakeenik.
Inguruan nagusi den lur gorriko bide batetik iritsi gara Lennox Islandera, Mi'ikmaq erreserbara. Iritsi garenean kaleko umeak izan dira topatu ditugun lehenak. Eta eltxoak, berehala gainera botatzen zaizkizun eltxo kamikaze tropelak. Herrixkan ez dago azpiegitura handirik, telefono publikorik, plazarik, asfaltorik... Mi'kmaqtarren museo txiki bat dute eta astean mi'kmaqera ordu batzuk hartzen dituzten eskola bat ere bai. Bestela, denak ingelesez mintzo dira. Mi'kmaqtarrek hamar mila urte baino gehiago daramatzate inguru hauetan bizitzen eta gaur egun, garai batean bezala, arrantzatik bizi dira gehienbat, bai eta gobernutik jasotzen dituzten diru laguntzetatik ere. Herrixka honetan 400 lagun baino ez dira. Natur ingurunea, ordea, ikusgarria da, orain arte ezagutu dugun lekurik ederrenetarikoa. Ilunabarrean afaltzen eman digute eta gaztetxoek dantzak eta perkusio doinuekin emanaldi bat egin dute guretzat, oso polita. Gogoa genuen jadanik mi'kmaqtarrekin batzeko, ezagutzeko... Eta herrixka txiro honetan, orain arte aurkitu ez genuen kultur aberastasunarekin egin dugu topo.
AKADIARRAK, HERRI IBILTARIA. Ingeles hiztunen probintzietara hurbiltzen ari bagara ere, jadanik Miscoun (I 48&fraq14; 00' 57'' - M 64&fraq14; 31' 02''), jendea akadiarra da, gehienak frantses hiztunak. Eta akadiarrek merezi dituzte lau hitz, bederen. Ez nuen inoiz haien berririk izan, Prince Edwarden bere etxean hartu gaituen Michel Bujold itsas arkeologian adituak eman dizkigu azalpenak. Michel Bujold San Juan galeoiaren berreskuratze lanetan ibili zen urpekari, Red Bayko badian. Beothuken amaren urpeko argazki ederrak erakutsi dizkigu.
Akadiak Lur ederra esan nahi du. XVII. mendean Frantziatik bizimodu hobe baten bila lur eder hauetara etorritako frantsesak dira akadiarren lehenengo belaunaldiak. Koroa ingelesak lur hauetaz jabetu nahi izan zuenean, akadiarren aurkako gudari ekin zion. Akadiarren aldeko bandoan ezarri ziren bertako amerindiarrak eta ingelesenean aldiz, beste europar herrialde batzutako jendea. Akadia ingelesen koroaren menpe jauzteak frantseseraren eta erlijio katolikoaren zapalkuntza ekarri zuen. Frantziara eta beste lurralde batzuetara deportatuak izan ziren akadiar asko. Baina akadiarrak ehun eta berrogeitamar urteren ondoren Frantziara itzuli zirenean, amak seme-alabak ukatu zituen, jada beranduegi zen etxera itzultzeko, jada beste herri bat ziren. Beste lur batzuetara sakabanatu zituzten, esaterako Quebecera edo Estatu Batuetako Loussiana, orduko frantses koloniara. Akadiar asko mi'kmaq lurretan errefuxiatu ziren, aurretiko adiskidetasunaren harian.
1763an Pariseko ituna sinatu zen, bi aldeen arteko bakea, Frantziar eta Ingeles gortearen artekoa. Akadiarrek eurek, ordea, ez zuten parterik izan itunean. Akadiarrak beren lurretara itzuli zirenean, lurren jabe berriak ziren ingelesen morroi hasi behar izan zuten lanean. Itunak ez zien lurren jabetza itzultzen. Horrelako bake itunek ez dute zikiratutako kulturarik eta hizkuntzarik berpizten ere. Bigarren maila batean badaude ere, bere kultura sendo sustraitua duen herria da akadiarra. Herri ibiltari baten istoria da, beraien lurraldetan atseden hartzen duten antzarren atzetik bailihoaz.
Prince Edward-en Beothuk hiru egunez egon da North Rustico's Harboureko (I 46&fraq14; 27' 30'' -- M 63&fraq14; 17' 32'') portutxo txiki ederrean. Han Methilda Kncockwood-Snachek, mi`kmaq kulturaren interpretaria den emakume alaiak beren kulturako errito bat egin digu, guri eta txalupari, haize ona izan dezagun gure bidaian.
Portutxoan, ilargiari egin dio otoitz, haren mendeko urari, arrano jainkoari... eta perkusio hotsen erritmora, haien bila doan mi'kmaq kantu zahar bat aireratu du, denboran galdutako Belle Maria, euskal neskatxaren kantuaren bila doana, akadiarren kantu galduaren bila, bi mila eta seiko udararen lehen egunetan.
Mi'kmaktarrek badute euskaldunen nabigaziorako abileziaren berri. Haiekin aritu izan dira nabigatzen
Aspaldian ez gabiltza oso zorteko haizeari dagokionez eta haren laguntzarik gabe, ez dago aurrera egiterik
'APAIZAC OBETO' ESPEDIZIOA
Mi'kmaqtarrak, akadiarrak eta Belle Maria Lennox irla zapaldu orduko, Mi'kmaq indigenek ongietorria egin diote espedizioari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu