Baionako bestak 

Apalago kopuruan, ez gogoan

Ostalariek jende kopurua apaldu dela diote; ez, ordea, bestarako gogoa. Umorez beterik iragan da bertso saioa, Patxa plazan. Urteroko gazte eguna eginen dute gaur, Zizpa gaztetxeak antolatuta

Milioi bat lagun inguru hartu ohi dituzte Baionako bestek, eta, aurten ostalariek jende gutxiago sumatu duten arren, besta giroa ez da falta. BOB EDME.
Bidatz Villanueva
Baiona
2016ko uztailaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Baionako bestek ibilbide erdia egin dute jada, baina ajeak ez ditu bestazaleak makaldu. Prefeturak eta Baionako Herriko Etxeak hartutako segurtasun neurriez harago, baionarrak eta kanpotik etorritako milaka bisitariak normal ari dira gozatzen bestak. Gaualdiak ahalik eta gehien luzatzen dituzte askok, eta goizeko trikitiekin egiten dute bat Xina parean. Musikak eta dantzak ez dute etenik. Goiza heltzearekin, ordea, beste hainbatek lan egin behar dute. Garbitzaileek kaleak zikinkeriaz husten dituzte, eta inork ez luke erranen bart besta izan denik Baionako karriketan. Autoek eta kamioek azken unera arte profitatzen dute hirigunean egitekoak betetzeko. 11:00ak arte dute astia, segurtasun neurriak direla eta. Ostatuak edariz eta janez hornitzeko beharrezkoa dute barnera sartzea.

Askoren kezka ere bada Frantzian izandako atentatuek eraginik izanen duten hiriko tabernetan. Ostalari askorentzat diru iturri ezinbestekoak dira Baionako bestak, eta bisitari kopurua jaitsi izanak negozioetan eragin zuzena izan dezake. Biena Sarl tabernaren jabea da Garay Maryvonne. Bestetan izan ohi den jende kopuruaren jaitsiera agerikoa dela dio. Hala ere, itxaropentsu agertu da, asteburuan bestazale gehiago izanen direlakoan. «Bistan da irabaziak txikiagoak izanen direla», adierazi du etsipen puntu batez. Izua zabaldu dela deritzo. «25 urteko gazte askok besta egiten dute egunean, baina gauean etxera sartuko direla diote. Beldurra? Ziurrenik, bai». Haatik, giro ona azpimarratu du.

Iritzi bertsukoa da Jean Philippe Espainiako karrikako Dacquois ostatuko langilea. Kalkulatu dute %30 egin duela behera jende kopuruak. Uste du agerikoa dela Poliziaren presentzia. «Baina jendea besta egitera dator, eta askok errespetu handiagoz jokatzen dute»; haren aburuz, Poliziaren presentziaren eraginez. Ez du uste bestazaleak beldurturik daudenik, eta segurtasunaz ez omen dira mintzatzen. «Ez dakigu jende askoz gehiago etorriko den asteburuan, baina horniturik gaude edariz eta janez. Bestak oso ongi pasatzen ari dira», adierazi du.

Egunero egiten dute desfilea Leon erregearen gorteko erraldoiek. Prozesioan biltzen dira hainbat eta hainbat familia, haurrek gustuko baitute itxura xelebreko erraldoiekin dantza egitea. Elisabeth Garreau oporretan dago bere alaba eta senarrarekin. Egun-pasa daude Baionan, eta zabaldu beldurrak ez die asko axola: «Batzuetan, izua sortzen da herritarren artean, baina hemen ez dugu halakorik sumatu. Gu lasai gabiltza».

Askoren ustez, segurtasun neurriak dira beldur sortzaile. Kafea eta hamaiketakoa hartzen duten bitartean, haserre mintzatu dira baionarrak, kaleetan poliziak eta militarrak metrailetekin ikusteak izua eragiten duelakoan. Hiriko irteeretan ez ezik, kaleetan ere patruilatzen dute zenbaitetan.

Bertsotan, goiza alaitzeko

Beldurrak, beraz, ez du mugarik jarri bestetarako gogoan. Patxa plazan, bertsozaleek zuten atzo hitzordua, Beñat Gaztelumendirekin eta Fredi Paiarekin, goiza giro euskaldun eta alaian igarotzeko. Goizez eta gauez gozatu behar baita bestez, nagiak ohean etzanda ez harrapatzeko.

Ordu batez baino gehiagoz izan ziren bertsotan Paia eta Gaztelumendi. Segurtasun neurriek ezustekoren bat ere eragin zuten. Kontrolak zirela eta, berandutu egin zitzaion Paiari. Bertso saiora joan ziren hamarnaka pertsona Patxa plazara, eta garagardo artean egin zioten harrera.

Txantxetarako balio izan zien berandutzeak, baina edozein aitzakiarekin barre eginarazi zioten publikoari bi bertsolariek: janzkera, argazkilariaren bibotea, Baionako bestetan zerbitzatzen dituzten «txupito tamainako edalontziak» —Gaztelumendiren esanetan—, Santiagotik Patxa plazara heldutako erromesa, eguerdiko eguzkia... Bertsolariak zirikatzeko baitaude, Paiak abestu bezala. Baionatik Iruñera, eta handik Algortara ere (Getxo, Bizkaia) bidaiatu zuten.

Trikiti eta pandero jotzaileei gomita egin zieten, eta hainbat kopla abestu zituzten Santi Mamiña abestiaren doinuan, kantuaren errepikarekin tartekatuz. Plazan zeudenek jarraitu zieten abesten.

Baina txantxa eta txantxa artean, afera serioagoak izan zituzten kantugai; euskararen egoera, kasurako. Hitz sentiberak izan zituzten besta alternatiboen parte hartzaileentzat. Eta aurrera jarrai dezaten animatu zituen Paiak:«Noizbait ikus dezagun, Baiona euskaldun».

Txalo artean amaitu zuten, eta, pausarik gabe, trikiti eta pandero jotzaileek berriz hartu zituzten musika tresnak. Igandera arte, bestek ez baitute etenik. Eta, hala denez gero, lekukoa hartu zuen elektrotxarangak 19:00etan. Karroa karriketan zehar eraman zuten, gazteek jarraitzen ziotelarik. Beroketa ariketa bat izan zen geroko kontzertuetarako. DJ Kevin Jager, Pace eta Skillz taldeak izan ziren 22:00etatik aurrera.

Gazte Eguna, gaur

Duela urte batzuk, Gazte Eguna antolatzen zuen soilik herri mugimenduak programazio alternatiboan. Urteak iragan dira, eta egun guztietako egitaraua prestatzeko sobera indar eta lan esku dituzte. Gaur, beraz, aspalditik eta urtero moduan, Gazte Eguna eginen dute Patxa plazan. Bazkaria eginen dute 13:00etan. Txartelak salgai daude 10 euroan. Jakina da bazkalondoek luze dirautela. Hortaz, ohartzerako kontzertuen ordua helduko da, 19:00etan. Bolbora, Ze Esatek! eta DJ Naugthyj igoko dira oholtza gainera, ziurrenik jendetsuenetarikoa izanen den gauean.

Eguraldiak lagunduko duelakoan, giro alaia eta etxekoa sumatzen da kaleetan. Jende kopurua apalagoa izanagatik, normal iragaten ari dira bestak, Polizia presentzia handiagoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.