Nire eskuinean eta aurrean esertzen diren bi lankideek dute gaurko zutabearen errua. Izan ere, barre-algaraka iritsi ziren aurreko ostegunean, elkarrekin egin ohi duten dokumentazio-bileratik, behi magnetikoen istorio bat zela eta. «Badakizu behiak Lurraren eremu magnetikoaren arabera orientatzen direla?», bota zidan batek eseri orduko. Eta barreari eutsi ezinik segitu zuen, Ipar-Hego orientatutako behiz betetako zelaien irudiak buruan.
Ig Nobel sariekin gogoratu ginen hirurok berehala. Lehenengo barrea eragin, eta ondoren jendeari zer pentsatua ematen dioten lorpenak ohoratzen dituzte Ig Nobelek, eta Nobel sariak jakinarazi baino egun batzuk lehenago banatzen dira urtero. Behien ikerketa horrek ez zuen jaso Ig Nobel saririk, baina zer esana eman, eman du, eta, niri, baita zer kontatua ere.
2008ko abuztuan lehertu zen albistea. Eta lehertu diot, Nature webgunean 32 iruzkin eragin zituelako. Esatera noanak hutsa du zientifikotik eta dena anekdotikotik, baina iruzkin asko dira horiek. Esaterako, azken hamabost egunetan, 17 lortu zituen iruzkin gehien jaso zuen albisteak. Mekanika kuantikoaren uhin-funtzioaren azalpen berritzaile bati buruzkoa zen, eta «sismiko» gisa deskribatu zuen fisikari teoriko batek albisteari bide eman zion artikulua. Haren atzetik, 9 iruzkin jaso zituzten argia baino azkarragoak diren neutrinoen neurketa berriek —150etik gora izan zituzten jatorrizko neurketek irailean—. Eta hirugarren postuan kokatu zen, lau iruzkinekin, «The mistery of the magnetic cows», 2008ko albisteari kontra egiten dion azterketa berria.
Lehen begiratuan, ez dirudi albisteek zerikusirik dutenik elkarrekin, baina ezaugarri komun bat behintzat badute: kontra egiten diote dakigunari, edo espero zitekeenari, eta, halakoetan, izan fisika iraultzen duen sakon usteko ondorio bat, izan anekdota fisiologiko ustez xume bat, arreta pizten dute. Azken batean, harrigarriak, zentzugabeak edo xelebreak diruditen albisteak guztiontzat gertatzen dira deigarri, nola tabernan tertulian ari direnentzat, hala Nature zientzia-aldizkari espezializatuaren webaren irakurleentzat.
Iruzkingileengan arreta jarrita, nabarmena da nola jo duten, ia beti, esperimentuaren balizko akatsak bilatzera, edo lortutako emaitza heterodoxo horiek azalduko dituzten hipotesi alternatibo eta ortodoxoagoak ematera. Zientzialarien artean behar den bezala, eta metodoari leial, pentsa liteke; eta hala da, itxura batean. Baina, lagunarteko elkarrizketa bezala, Nature aldizkariaren webgunea ere ez dago salbu lehenengo komentatu eta gero irakurri fenomeno hain gizatiar horretatik.
29 iruzkingilek esandakoa irakurri ondoren, arinkeria horretaz kexu erantzun zuten behi magnetikoen ikerketaren egileek: «Ez genuen espero gure artikuluak halako oihartzuna izango zuenik, eta gaindituta gaude erabat. Zoritxarrez, gure azterketa iruzkindu, eztabaidatu eta kritikatu duten gehienek ez dute irakurri jatorrizko artikulua (...). Heziketa zientifikoa duten irakurleek benetan uste dute PNAS den izen handiko aldizkariak argitaratuko zukeela azterketa bat zientifikoki sendoa ez bada, eta ordezko azalpenak (eguzkia, haizea, etab.) aintzat hartu ez baditu?»
Google Earth-en argazkietan oinarrituta, munduko 308 gunetako 8.510 behiren posizioa aztertu zuen Alemaniako Duisberg-Esseb Unibertsitateko taldeak, eta, horrez gain, ia 3.000 oreini behatu zien zuzenean. Eta ondorioztatu zuen haien posizioaren eta eremu magnetikoaren artean esanguratsua den korrelazio bat existitzen dela. Neutrino superluminikoen kasuan, 16.000tik gora gertaera neurtu dituzte, emaitza komunikatzerako.
Gaur-gaurkoz, ordea, ezbaian daude, bai behi magnetikoak, bai neutrino superluminikoak; asko eta zuzen aritu behar baita (asteotan hainbestetan errepikatu den bezala) baieztapen apartek behar dituzten froga apartak eskaintzeko. Bitartean, aparta denak duen magnetismoari eskerrak, zientziaz eta geure buruaz ikasiz segituko dugu guk, irribarrez, harriduraz edo sinesgaiztasunez.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian
Aparta denaren magnetismoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu