Elikadura. Hazkurri kontuak

Aperitibo berdingabeak, postre sofistikatuak, edari apartak…

2011ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
… eta denak kanpotik etxeratu behar, guztiak erosi behar, etxean egiteko astirik ez dugulako, horrelakoak egiten ez dakigulako, ausartzen edo animatzen ez garelako, etc.

Hipotesia geroz eta sustraituagoa dago: erosteko erabakia emozionala da, ez da arrazoiak eraginiko ariketa kontziente edo intelektuala; herri-hizkeran adierazteko, beti ez da nahita eta borondate osoz egiten dugun zerbait. Batzuetan, premiazkoa edo atsegin dugun zerbait eskuratzeko eragiketa izan ordez (behar hori betetzea edo asetzea helburua izanik), erostea bera da helburu. Erosketa eginikoan, akabo: ez dugu zertan kontsumitu, aprobetxatu edo erabili. Egiazko premia asebete dugu, plazer edo atsegina sentitu dugu, ia-ia premia fisiologiko hutsa zena bete dugu.

Marketin alorreko ikertzaileek ederki dakite hori, salerosteko unean zerebro ugariren erreakzioak aztertu (aztertzen) dituztelako eta, areago, enpresa handi asko neurozientzien eskarmentuaz baliatzen dira publizitatea eta salmentak zuzentzerakoan, balizko erostunaren egoera emozionala ezagutu eta ebaluatzeko, larruazalaren erreakzioak behatuz, kitzikadura, antsietate, arreta, erlaxadura, neke, gogaitze eta beste elementu batzuen arabera aldatzen delako azalaren egoera.

Konklusioa: enpresak kontsumitzailea aise harrapatuko du, hark eskarmentu luzea eta bezeroaz ezagutza sakona baitu. Erosteko erabakia emozionala denez, kontsumitzailea motibatzea aski du, saltokira emozioz beterik eta defentsarik gabe gertura dadin (maiz, iragarkiak zabaldu moduan, «Nik merezi dudalako»).

Kontsumitzailea harrapatzeko ehiza-lekurik egokiena azalera handia da. Garai aproposena, Eguberrien aurreko hauxe.

Goazen, beraz, saltoki erraldoi askotara, kartera bete-bete eginik eta burua etxean utzita!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.