Nekez aurki zitekeen festa arrastorik atzo Bilbon. Zazpikaleetan, Udaletxeko zubian eta Areatzako zubian ere, turista eta herritar askok ez zuten pentsatuko jaiak hain gertu egon zitezkeenik. Areatzako zuhaitzetara gerturatu ahala, ordea, umeak ikus zitezkeen urarekin eta puzgarriekin jolasten, janari usaina suma zitekeen eta musika entzutea ere saihetsezina zen. Hodeirik ez zegoen zeruan, eta zuhaitzen gerizpe preziatua eskertu zuten bertaratu zirenek. Baina itzalpeko protagonistak, urtero, Aste Nagusia hasi baino hilabete lehenago, Konpartsakide Eguna han ospatuz dibertitzen diren ehunka konpartsakideak izan ziren. Askapeña konpartsako Javi Ruizek zioen moduan, «Aste Nagusiaren aurrekoa izaten da egun hau». Nolabait esateko, beroketa saioa, aperitiboa.
Janaririk ez zen falta izan. Konpartsakideen lanari esker, 8.000 piper berde eta beste hainbeste tomaterekin egindako mokadua jaso zuten, egoera oso ondo ulertu gabe ere, Areatzara bertaratu ziren herritar, turista, estropadetako ikusle eta lagun orok. Bazkaria prestatzen eta pintxoak egiten ari zirenek, berriz, ondo asko zekiten zertan zebiltzan.
Pintxo bereziak
2006an hasi ziren Konpartsakide Egunean pintxo lehiaketa egiten, eta hamargarren aldi honetan hegaluzea, baserriko piperrak eta kuiatxoak zituzten ezinbestean erabili beharreko produktuak, antolatzaileek hala erabakita. Aurten 25 urte bete dituzten Askapeñakoen esku egon da antolatzeko ardura, urtero bezala. Bertako kide da Eunate Sarasola, eta haren animo eta oharrak entzun zituzten lehiakideek bozgorailuetatik. Arauez eta ordutegiaz gainera, bertako produktuak erabiltzearen garrantzia, slow food-aren ideia, olioa aparteko edukiontzira bota beharra eta aztarna ekologikoa gogorarazi zituen Sarasolak. Baina, batez ere, hau azpimarratu zuen: «Irabaztea ez da garrantzitsuena; ondo pasatzera etorri gara, ez sufritzera». Hotz behar zuten pintxoak berotzeko adinako sargoriagatik zioen hori. Halere, sukaldariek bazituzten erremedioak, umorea batez ere.
Pintxo egileen artean zeudenlanagatik hiru ordu lo egindakoak, kozinatu bitartean dantzan ari zirenak edo karparen itzalpean edari freskoekin zebiltzanak. Oroz gain, ilusioa eta gogoa zituzten lehiakideek. Hala aitortu zuen pregoilari izango den Gisele Felliren konpartsakideak: «Nire lehen aldia da; pozik animatu naiz Komantxe ordezkatzera». Pa...Ya konpartsako Almu Hernandezek urte gehiagotan lagundu du pintxoak egiten, eta, esan zuenez, «pintxoa egiten txandaka aritzen gara; batzuek lana dute, besteak bazkaria prestatzen ari dira...». Nabarmendu zuen denetarako prest egoten direla, haien osagai sekretua maitasuna dela eta konpartsan lau belaunaldi daudela. Munduko Jendeak konpartsakoen kolore berdea zuten aurtengo amantalek, baina harago zihoazen haiek: kamiseta berria dute aurten, eta loro koloretsua ageri da bertan. Loro horiek haien ikurrina itxurako pintxoen ondoan jarri zituzten. 28 konpartsak parte hartu zuten txapelketan, denek Trikimailuk izan ezik, baina Trikimailuko 80 kide baino gehiago bildu ziren bazkaltzeko.
Maila handia egon da txapelketan. Traineruak, kremak, edalontziak... diseinu handikoak, baina «Marijaiarik ez; harritzekoa», zioen Ruizek. Pinpilinpauxak irabazi du aurten, Mekauenek jaso zuen bigarren saria, eta Hau Pittu Hau izan zen hirugarren. «Garaipen distiratsua», esan zuen norbaitek, Pinpiko purpurina ezaguna gogoratuz.
Aste Nagusiaren itzala berriro agertu zen konpartsa guztietako kideek Badator Marijaia abestu zutenean. Txori Barroteren 30. urteurreneko bideoklipa grabatzeko orduan gertatu zen hori. Musika Areatzako txoko guztietan zegoen: gune bakoitzak, berea, eta Irrintziko txistulariak, kalejiran. Gainera, azken urteetan bezala, Trikizioren erromeria eta Orkresta elektrotxarangaren kalejira izan zituzten bazkalostean. Gertuago dute Aste Nagusia.
ATZEKOZ AURRERA
Aperitiboa, berotzen hasteko
Bilboko Aste Nagusia hasteko hilabete faltan, atzo egin zuten Konpartsakide Eguna. Duela hamar urte hasi zuten konpartsa arteko pintxo lehia; Pinpilinpauxak irabazi du aurten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu