Zerriak, likitsak, trogloditak, traskilak, txuk-txuk, basapiztiak, aztekarrak, apoak, alfonbra saltzaileak...». Haddock kapitainaren irain zerrenda luzea da zinez. Baita euskaraz ere. Tintin euskaratzen hasi ziren itzultzaileentzat ez zen erraza izan haren abenturetan azaltzen diren pertsonaia bakoitzari hizkeraren bidez izaera ematea. 70eko hamarkadan haurrei eta gazteei euskarazko komikiak eskaintzeko saioaren barnean ulertu behar dira lehen itzulpen horiek. «Euskal Herriko umeek ez dute gauza handirik irakurtzeko euren hizkuntzan», zioen Etor argitaletxearen mezu batek Tornasol Arazoa-ren azken orrialdean. Gabezia hori tamalgarria zela zioen oharrak, eta argitaletxeak «ahal zen neurrian» egoera hori bukatu nahi zuela.
1972an, Etor argitaletxea —Bilboko Ediciones Mensajeroren barnean garai hartan— izan zen Tintin euskaratzen lehena. Hiru obra eman zituen argitara: Tornasol Arazoa, Ottokar-en erregemakila eta Tintin Ameriketan. Besteak beste, Mikel Atxaga eta Jesus Gaztañaga aritu ziren itzultzaile gisa. 80ko hamarkada arte ez zen berriro ganorazko saiorik egin.
Elkarren bilduma
Elkar argitaletxeak hartu zuen Tintinen bilduma osoa euskaratzeko erronka. 1985etik aurrera azaltzen hasi ziren Tintinen abenturak, batzuk Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Turismo Saileko diru laguntzaz. Joxemari Azurmedik itzuli zituen 1990 arte zenbaki gehienak. Haren aurretik, ordea, beste batzuk ibili ziren, kasurako Joxantonio Ormazabal eta Imanol Tapia. Haienak dira Urrezko hagindun karramarroa, Ikatz Stocka eta Castafioreren bitxiak obren itzulpenak (azkena, Ormazabalek bakarrik itzulia). Bestalde, Patxi Apalategik Ilargira bidean eta Ilargian oinez euskaratu zituen; eta Tintin eta Pikaroak komikiaren itzulpena Luis Mendiaraz eta Xabier Aranbururena izan zen. Beste guztiak Azurmendik euskaratu zituen.
Bitxiak dira gero euskarazko hainbat esamolde komikiotan. Adibidez, Tintin Kongon, aspaldian arrazakeriarekin lotu duten liburuan, honela dio Tintin bidaiatzen ari den ontziko marinel beltz batek: «Zu ez uretara, jiauna, inguru hau marrazoz beterik egon...». Palmondo baten azpian ontzi horri begira-begira dauden leinu bateko aita-semeen harremana ere ez da txantxetakoa: «Aizu, Elur txuri, ikusten al duzu itsasuntzi handi hori?... Ba, hor barruan egon Tintin eta Milu».
«Apoak, alfonbra saltzaileak!»
Etor argitaletxeak euskaratu zuen Tintinen abentura bat lehen aldiz, 1972an; 1985etik aitzin, Elkar argitaletxeak itzuli zuen euskarara bilduma osoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu