Asteburuko proposamenak

Arabako ardo uzta berriaren jaia

Lapuebla de LabarcaHerriko 15 ardogilek upategietako ateak zabalduko dituzte Uztaberri egunean

Ardoa dastatzeko tailerra egingo dute larunbatean, Uztaberri egunean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2011ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Aurten zazpigarrenez, Uztaberri eguna izango da Lapuebla de Labarcan, Arabar Errioxako jatorri izeneko ardoaren urteko lehen jaia ospatzeko. Upeltegietarako bisitez, erakusketez, dastatzeez, eta ikastaroez gozatzeko aukera izango dute, larunbatean, Ardoaren ibilbidean dagoen herrira bertaratzen diren zaleek.

Aurtengo gonbidatu berezia Joseba Beloki txirrindulari ohia izango da Lapuebla de Labarcan. Hura arduratuko da jaiari hasiera emango dion pregoia irakurtzen.

Urtetik urtera, sona handiagoa hartzen ari da eguna. Iaz, esaterako, 3.000 lagunek gozatu zuten Uztaberri eguneko jaiaz.

Enogastronomia

Herriko hamabost ardogilek upategietako ateak zabalduko dituzte, eta bertako ardoa dastatzeko aukera emango dute. Bestalde, ez dira faltako kaleko giroa alaitzeko musika, eskulangileen produktuen erakusketak, olioa, xaboia, ezti ura eta gozoen salmenta postuak Uztaberri egunean.

Goizeko hamaika eta erdietan pregoia irakurri ondoren, ardo dastatze tailerra eta botilak irekitzeko hirugarren lehiaketari ekingo diote. 12:30ean, zentzumen tailerra antolatu dute, upategietako lehen bisitarekin batera. Ordu berean, ardoterapia eta olioterapia tailerrak ere eskainiko dituzte. 13:00etan,berriz, upelgintzako erakusketa ikusi ahalko da Lapuebla de Labarcan.

Ardoaren garaian hain ezaguna den arrozez, bakailaoz, patataz eta piperrez osaturiko bolo ezaguna dastatzeko aukera ere izango da, eguerdi aldera plazan. Ordu bertsuan, upategietarako bigarren bisitaldia egingo dute.

Upategietara bisitan joan nahi duenak herriko plazara gerturatu beharko du, bertan ipiniko duten informazio gunean, bost euroren trukean, ardo edalontzia eta sarrerak eskuratu ahal izateko.

Goizean, bisita eta tailerrak izango dira, eta arratsaldean, jai giroak hartuko du indarra. 14:30ean hasiko den herri bazkariaren ondoren, diskoteka mugikorraren erritmoa nagusituko da arratsaldeko seietatik aurrera. Handik ordubetera, hirugihar errea dastatu ahalko da, jaia ardo tragotxo batekin amaituz gainera.

UZTABERRI EGUNA

Zer. Upategien irekiera.

Non. Lapuebla de Labarcan (Araban)

Noiz. Larunbatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.