«Pozik gaude jendearen erantzunarekin eta atzoko ekitaldiak izan duen harrerarekin», adierazi du Roberto Gonzalezek, Araba Euskaraz-eko komunikazio arduradunak. Atzo izan zen 2025eko Araba Euskaraz, Gasteizen, Bastida ikastolari laguntzeko helburuarekin. Aurten, Karmele Jaio izan da omendua, euskarazko literaturan egindako lanagatik eta euskararen alde egindako ekarpenagatik.
Etengabe lelopean egin da aurtengoa, 45. Araba Euskaraz. Urtero bezala, bildutako dirua ikastola batentzat izango da —oraingoan, Bastida Ikastolarena—, baina Arabako zortzi ikastolak (Argantzon, Assa, Armentia, Amurrioko Aresketa, Aguraingo Lautada, Bastida, Laudio eta Oiongo San Bizente) elkarlanean aritu dira prestalanetan, dena ezin hobeto atera zedin.
Euskararen aldeko jaialdiak hiru gune nagusi izan zituen: Armentia ikastola, Mendizorrotza eta Prado parke inguruak. Hala ere, hasierako asmoa Olarizuko parkean egitea zen, aurreko hiru edizioetan bezala. Azkenik, tokiz aldatu behar izan zuten: Olarizuko belarra moztu gabe zegoen, Gasteizko Udalaren zerbitzura dauden lorezaintza zerbitzuko langileen grebaren ondorioz. Hori dela eta, jaia behar bezala egiteko bermerik ez zegoenez, antolatzaileek kokalekua aldatzea erabaki zuten. «Aurretik bi alditan egin dugu toki horietan, baina bat-bateko aldaketak inoiz ez dira errazak. Dena den, azken egunotako elkarlanari esker, lortu dugu aurrera ateratzea eta egun berezi bat ospatzea», adierazi du, pozik, komunikazio arduradunak.
Eguraldi aldakorra izan arren, euriak eta haizeak ez zuten zapuztu giroa. Gasteizera bildutako milaka euskaltzale giro onean ibili ziren goizean eta arratsaldean, adin guztientzako jarduerez gozatzen. Haur eta gaztetxoentzako tailerrak eta ikuskizunak izan ziren protagonista nagusiak.

Hiru guneetan barrena, Arai konpartsako erraldoi eta buruhandiak ibili ziren ikusleen artean, giroa alaitzen. Bertan ziren Aker eta Babazorro ere, Arabako bi kirol taldeetako maskotak, etengabe argazkietan harrapatuak. Prado parkean egindako desfileek kolore eta mugimendu handia ekarri zuten Gasteizen bihotzera.
Musikak eta kalejirak ez ziren falta: Armentia ikastolako trikitilariak eta Ondarroako Kresala musika banda kaleetan barrena ibili ziren, eta Mendizorrotzan dantzak izan zuten protagonismo berezia. Besteak beste, Algara dantza taldeko Maialen Uriguen eta Udane Ozaeta nabarmendu ziren: euren emanaldiei esker, ikusleen txalo beroak jaso zituzten.
Araba Euskaraz jaialdiaren hasiera instituzionalean, hainbat agintariren adierazpen esanguratsuak bildu zituzten, ikastolen eginkizunari eta euskararen etorkizunari buruzko hausnarketak batez ere. Unai Mendizabalek, Arabako Ikastolen Elkarteko lehendakari eta antolakuntzako ordezkari gisa, ikastolen izaera abegitsua azpimarratu zuen: «Uste orokorraren kontra, ikastolek ez diote inoiz inori atea itxi egoera sozioekonomikoaren arabera. Are gehiago: bidea leundu diogu eta leunduko diogu guregana etorri nahi duen guztiei». Hala ere, ohartarazi zuen Araba hegoaldean euskalduntzeko lana zaila dela oraindik, eta egiteko asko dagoela orain ere.

Hezkuntza sailburuorde Lucia Torrealdaik, berriz, ikastolen lana goraipatu zuen, eta haien konpromisoa eskertu: «Zuen lanaren erregaia konpromisoa eta gogoa da; horretan jarrai dezazuela eskatzen dizuet». Aldi berean, ohartarazi zuen gero eta jatorri gehiagotako ikasleek «euskarazko hezkuntzan aurrera jarraitzeko ahalegin berezia» beharko dela etorkizunean.
Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek nabarmendu zuen hizkuntza zein tresna ona den kohesioa sendotzeko: «Historiak erakutsi du hizkuntzak oztopoak gainditzeko gaitasuna duela». Gasteizko alkate Maider Etxebarriak, berriz, euskararen aurkako eraso berrienei erreferentzia eginez —tartean, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak Espainiako erkidegoetako presidenteen konferentzian izandako jarrera—, azaldu zuen euskarak babes instituzionalaren beharra duela: «Hizkuntzari babesa eman behar diogu, jasaten ari den erasoei aurre egiteko».
Ekitaldian, gainera, Palestinako egoera ere presente egon zen, eta elkartasun mezua helarazi zuten. Aldi berean, antolatzaileek euskal eskola sistema propioa eraikitzeko eta indartzeko premia nabarmendu zuten, eta hezkuntza euskaldun eta burujabearen aldeko apustua berretsi.
Datorrena, Amurrion
Amurrioko Aresketa ikastolak jaso du lekukoa, eta berak izango du 2026ko Araba Euskaraz antolatzeko ardura. Ekitaldi hunkigarri batean iragarri dute erabakia, eta bertan hasiera eman zaio hurrengo urteko prestaketa lanari.
Araba Euskaraz jaialdia Arabako ikastolen festa nagusia da, eta urtero ikastola batek antolatzen du. Helburu nagusia ikastolen lana eta euskararen erabilera sustatzea da, eta, aldi berean, baliabide ekonomikoak biltzen dira antolatzen duen ikastolarentzat.
«Orain dela bi hilabete inguru hasi ginen hurrengo urtekoa prestatzen. Agian udan aterako dugu zerbait, nahiz eta, urtero bezala, udazkenean egingo dugun aurkezpen ofiziala»
ROBERTO GONZALEZAraba Euskaraz-eko komunikazio arduraduna
Gaur egun, Araban 3.700 ikasle baino gehiago ari dira ikastoletan, eta 2.500 familia inguruk hautatu dute euskarazko hezkuntza eredua seme-alabentzat. Arabako ikastolen sareak hedatzen jarraitzen du, eta horren erakusgarri da Trebiñuko ikastola ere martxan egotea, nahiz eta eskualde hori administratiboki Arabatik kanpo egon.
Aresketa ikastolarentzat erronka handia izango da jaialdia antolatzea, baina, aldi berean, aukera paregabea izango du ikastolaren proiektua indartzeko, euskara zabaltzeko eta komunitate osoa inplikatzeko. Hurrengo hilabeteetan, ekimenak, bilkurak eta lankidetza dinamikak jarriko dituzte martxan, 2026ko Araba Euskaraz ahalik eta arrakastatsuena izan dadin. Dena dela, lanak hasiak dituzte, Gonzalezek aurreratu duenez: «Orain dela bi hilabete inguru hasi ginen hurrengo urtekoa prestatzen. Agian udan aterako dugu zerbait, nahiz eta, urtero bezala, udazkenean egingo dugun aurkezpen ofiziala».