Araban, lapiko arteko ibilbidea

Arabako ehunka emakumek prestatutako errezetak bildu eta, horiek egokituta, liburu bat argitaratu du UAGA sindikatuak

Anakoz Amenabar.
Gasteiz
2010eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Mahai gainean dira, berriz ere, urteetan Arabako emakumeek prestatutako platerak; gazteenek beharbada jakin ez edo ahaztuta izango dituzten jaki gozoak. UAGA Arabako Nekazari eta Abeltzainen sindikatuak antolatutako ekimenari esker, herrialdeko ehunka emakumeren errezetak bildu, eta Las mujeres alavesas a través de sus recetas liburua argitaratu dute.

«Errezeta liburu honek ezagutarazi eta aintzat hartu nahi du hainbat emakumek isilean, egunero, egin duten lana, gure baratzeetan eta gure produktuekin sukaldean», aipatu du sindikatuko lehendakari Yolanda Urartek. Iaz hasitako hainbat kafe solasalditan, emakumeek lapiko artean izandako oroitzapenak kontatu eta guztien errezetak jasotzeaz arduratu zen Torreko (Araba) Urgora jatetxeko Laura Muño sukaldaria, horiek eguneratu eta plater berriak sortzeko asmoz.

Bertako produktuekin baina garai berrietara egokituta sortu zituen platerak Muñozek, errezeta zaharretatik abiatuta, jardunaldietan parte hartu zuten emakumeen laguntzarekin. «Garai batean, eguneko bazkari bakarra izaten ziren emakumeek proposatutako plateretako asko, eta beharbada astunegiak dira egun daramagun bizimodurako. Horregatik uste genuen garaietara egokitu behar zirela». Muñozen esanetan, «truke» moduko bat izan ziren jardunaldiak. «Haiek niri garai bateko errezeta eta produktuak erakutsi, eta nik egungo sukaldeko teknika berriekin lagundu diet. Esperientzia aberasgarria izan da», esan du.

Plater bakoitzak hausnarketarako dei bat izan beharko luke, Urarteren esanetan. Plater bakoitzak pentsarazteko balio behar luke, bere osagaien inguruan, produkzio moduaren inguruan, produktu horiek ekoizten dituzten pertsonen inguruan, garaian garaiko produktuen inguruan.

Jardunaldiekin eta liburuarekin, era berean, landa eremuko emakumeen lana ezagutarazi nahi izan izan dute, Urartek azaldu bezala. «Solasaldietan konturatu ginen haiek izan zirela baratze eta hazien zaintzaile nagusiak, belaunaldiz belaunaldi jakintza igorri dutenak, eta haiek omendu nahi genituen». Hasiera bateko helburua ez zen errezeta liburua ateratzea, solasaldiak egitea baizik, baina haietan bildutako material guztiarekin bilduma osatzea erabaki zuten.

Denera, 21 errezeta daude liburuan, askotariko kolore eta zaporeak elkartuta. Beste askoren artean, ezin daitezke falta patata daramaten platerak, barraskiloekin egindakoak edo onddoekin prestatutakoak. Porru gutiziak, untxiak, ogi apurrek eta txitxiki ezagunek ere beren tartea dute liburuan. «Trebiñu inguruan, esaterako, hormigo izeneko orea egiten zuten, erremolatxarekin, irinarekin, kanelarekin eta anisarekin. Errezeta berria bonboi modura aurkeztu dugu orain».

Arabako Errioxan eta Lautadan, plater ezaguna da boloa egiten, eta hori egiten ere ikasiko dute liburua eskuratzen dutenek, beste hainbat gauzarekin batera arrozarekin eta bakailaoarekin prestatutako platera. Ardoaren eta arrainaren ibilbide osoan ohikoa zen hori, ongi kontserbatzen zelako.

Fitxez osatutako liburua bost euroren truke eros daiteke Gasteizen UAGAk duen dendan,eta hamar euroko erosketa egiten duenak doan jasoko du liburua.

Trebiñu, Zalduondo, Antoñana, Burgelu, Menagarai. Arabako hamaika herritan antolatu dituzte UAGAren solasaldiak, eta, aurrera begira ere, gehiago antolatuko dituzte. «Oraindik kontu ugari ditugu partekatzeko», esan du Urartek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.