Ardoa eta gazta, ondo konpontzen diren lagunak

Gazta eta Ardoaren Feriaren barruan, Ordiziako Txapeldun lehiaketa izango da gaur Ordiziako plazan

Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Bikote perfektua omen; gazta eta ardoa, alegia. Beharbada, horregatik aukeratuko zuten biei azoka bat eskaintzea. Ordiziako IV. Gazta eta Ardoaren Feria hasi zen atzo. Atzo hasi eta gaur bukatuko da. Gaur egun osoan izango dira ekitaldiak, plaza nagusi- an.

Nafarroakoa, Errioxakoa, Arabako Errioxakoa, Duerokoa, Torokoa, Ruedakoa, Rias Baixasekoa... ardoa nonahikoa dastatzeko aukera izango da, baita Kataluniako cava ere. Hala penintsulako izendapenen bilduma zabala izango da Ordizian; haiei Argentina eta Italiako ardoak gehituko zaizkie.

Baina ardoarekin batera hartzeko gazta baino hoberik nekez aurki daiteke. Hala, Ordiziako Txapeldun lehiaketa jokatuko da, irailean eginiko ardi latxaren gazta lehiaketako irabazleen artean. Gaur goizean izango da hori. 2002tik 2011ra arteko txapeldunek hainbat sorta eramango dituzte, txapeldunen artean gaztarik onenak aukeratzeko.

Ardo mota asko, jatorri anitzekoak, gainera, baina gazta mota bakarra: Idiazabalgoa. Ordizia da gazta izendapen horren hiriburua, eta gaur berriro erakutsiko du. Aurretik esanda doa: gastronomiak leku nagusia eskuratzen duen ekitaldia jai giroan ospatuko da, musikarekin eta dantzarekin. 21:30ak arte zabalik egongo dira askotariko postuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.