Motzak dira Mallabiko (Bizkaia) urriko jaiak. Motzak izan arren ere, egongo da non aukeratua astelehenera bitartean. Joan den larunbatean abiatu zen jaietako egitaraua areto futboleko txapelketarekin, eta gaur izango du jarraipena txupinazoarekin. Edonola ere, jaietako egun nagusiabiharkoa izango da, ordurako baitaude prestatuta jarduera nagusiak. Besteak beste, Mallabiko lehen ardo feria egingo dute Kontzejuzarrean, eta baita rock kontzertua ere, The Bon Scott Band, Vendetta eta DJ Bullen eskutik.
Berritasunen artean dago lehen ardo feria. Mallabiko Udalak antolatu du jarduera hori, baina, horretarako, Durangoko (Bizkaia) Saltsan dendako Iñaki Uriberen laguntza izan dute. Hainbat upategi biltzen dituen Durango Saltsan ardo azokaren antolatzailea da, eta udalekoek eskaera egin zioten Mallabian ere antzeko zerbait egin zezaten. Esan eta egin. Bihar eguerdian egingo dute lehen azoka.
Sei mahaitan jarrita, hamabi upategitako ardoak dastatu ahal izango dituzte ardo azokan. «Ohiko azoka bat egin beharrean, zerbait dibulgaziozkoa egitea pentsatu dugu», azaldu du Uribek. Eurek ardoari buruz dakitena erakusten eta jendearengana iristen egingo dute lan biharko azokan. «Jende artean ibiliko gara jendeari erakusten nola dastatu behar den ardoa». Hamabi upategitako ardoa dastatzeko aukera egongo da, baina «ez da poteo bat izango», argitu nahi izan du. Ez baita hori euren asmoa: «Azaldu nahi dugu nondik datorren ardo bakoitza, eta bakoitzaren xehetasunak argitu». Azokara sartzeko bost euro ordaindu beharko da, eta, trukean, ardo kopa bat emango zaio bisitari bakoitzari, ondoren ardoen inguruko azalpenak jasotzeko. «Ardoa edaten dugu, baino askotan ez dakigu nondik datorren zer, eta hori erakustea da gure asmoa».
Hamar urtean dihardute Durangon ardo azoka antolatzen, eta harrera ona izaten dutela aurreratu nahi izan du Uribek. Horregatik, Mallabian ere antzeko erantzuna izatea espero du. Gainera, herriko jaien egitarau barruan egongo da azoka, eta horrek giroa berotuko duelakoan dago. «Udalekoek esan digute jendea dagoeneko galdezka ari dela azokaren inguruan; gauza ona da hori».
Musika, iluntzerako
Eguerdian izango da ardo azoka, eta arratsaldean haurrentzako litxarreria tailerra izango da Mallabiko frontoian. Iluntzerako, ordea, testuingurua goitik behera aldatuko da herriko parkean, rock kontzertuak egongo direlako doinu klasikoak maite dituztenentzat. The Bon Scott Band taldeak AC/DC rock talde australiarraren bertsioak eramango ditu taula gainera, eta Vendetta talde nafarrak, berriz, ska doinuak. Horregatik, denetariko melodiez gozatzeko aukera egongo da.
Gaua amaitu nahi ez dutenentzat, ordea, egongo da parranda luzatzeko aukerarik, kontzertu horiek amaitzen direnean DJ Bull ariko baita hango eta hemengo musika jartzen. Jaia bermatuta egongo da, beraz.
Urriko jaiak Mallabian
Ardoa eta rocka, jaietarako osagaiak
Mallabiko urriko jaietan ardo azoka egingo dute lehenengo aldiz, eta hamabi upategitako edaria dastatu ahal izango da. Bihar, The Bon Scott Band eta Vendettak joko dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu