Elkarlanean antolatu dute Kutxa Ekoguneak eta Emaus fundazioak lehenengo EkoBira azoka. Azken elkarte horretako ordezkaria da Jaione Cabaleiro. Etorkizuna duen azoka dela dio.
Zergatik antolatu duzue EkoBira?
Energia alternatiboak eta kontsumo arduratsua bultzatzearen garrantziaz jendea jabetu dadin nahi dugu, eta gai horiek gizarteratzeko eta jendeari gerturatzeko asmoarekin antolatu dugu.
Zer ezaugarri ditu azokak?
Ibiltaria da eta Gipuzkoako bederatzi herritan jarriko dugu, azaroa bitartean. Azoka bakoitzak atal desberdinak izango ditu: tokiko jaki eta edariekin taberna bat jarriko dugu, ingurumenarekin sentsibilizatutako enpresek hartuko dute beste eremu bat, eta baserriko produktuei, landareei eta berrerabiltzeko tresna, arropa, liburu eta tresnak jarriko dituzten norbanakoentzat utzi dugu beste atal bat. Artisaugileek ere parte hartuko dute, berziklatzearekin lotura dutenak beti ere.
Jendea barneratzen ari al da kontsumo arduratsuaren eta berziklatzearen garrantzia?
Denen ahotan dauden kontzeptuak dira, eta gehiago edo gutxiago zabaltzen ari dira. Geroz eta gehiago erreparatzen dio jendeak altzariak, jantziak edo etxeko tresnak berrerabiltzeari. Lehen etorkinak genituen Emausen bezero, baina egun denetarik etortzen zaigu. Terapia moduko bat ere badira bigarren eskuko eta berrerabilpenerako halako azokak, dena botatzeko joera hori ez delako gustagarria.
Jaione Cabaleiro. EkoBira azokako koordinatzailea
«Arduraz kontsumitzeak duen garrantzia barneratzen ari da jendea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu