Goraino bete da Donostiako Principe aretoa Aralarko parke naturaleko txokoak ezagutzeko. Landarlan ingurumen elkarteak eta On Produkzioak etxeak osatu dute proiektua, elkarlanean. "Aralarren izaera eta gertutasuna islatu nahi izan dugu izenburu horrekin", azaldu zion BERRIAri zuzendarietako batek, Aloña Jauregik. Jendeak Aralarko parke naturala sakonago ezagutzea eta haren zaintzaren inguruan sentsibilizatzea nahi dute.
Osteguneko estreinaldiaren ondoren, beste hainbat aretotan egongo da ikusgai dokumentala: Beasainen, Ordizian, Iruñean, Tolosan, Zumarragan, Bilbon eta Hazparnen, besteak beste. Informazio guztia aralardokumentala.eus atarian jarri dute.
BERRIArekin eskuragarri
BERRIAren bitartez ere eskuratu ahal izango da dokumentala. Abenduaren 15ean eta 16an egunkariarekin batera banatuko da, digipack formatuan: dokumentala USB euskarrian eta Ramirezen soinu banda CD batean. Durangoko Azokan ere salgai izango du BERRIAk, eta emanaldietan eskuragarri izango da.